Eskoriatzan, VII. Silbestradie egingo dute, 17:30ean. Goiz partean, herriko txikienei zuzendutako lasterketak egingo dituzte. Haurrek aukera izango dute dorsalak kolorez margotzeko, gainera. 10 urtetik beherakoen lasterketa 12:30ean hasiko da, eta ondoren txistorra jana izango dute, indarrak berreskuratzeko.
Arratsalde partean nagusien txanda izango da. 17:25ean brindisa egingo dute eta ondoren lasterketa. Herriko plazan hasiko dute ibilbidea, aurten berritua datorrena. Ibilbideko azken milan, IV.n Manuel Muñoz saria ospatuko da aurreko urteetan bezala, eta norgehiagoka bizia izango da. 18:00etan luncha izango dute.
Oñatin, zazpi kilometro
Dagoeneko ohitura bilakatu da oñatiarren artean San Silbestre lasterketa. Abenduaren 31n, 16:00etan gaztetxoen lasterketak egingo dituzte; eta, 16:30ean, nagusiena. Udaletxeko arkupetan eman beharko da izena hiru euroren truke, 16:00ak baino lehen. Urtero moduan, txokolatea banatuko dute parte hartzaileen artean.
Zazpi kilometroko ibilbidea izango da, herriko kaleetan. "Zazpi kilometro, gozatzeko; zazpi kilometro, lagun artean egiteko; zazpi kilometro, urteari agur esateko", diote antolatzaileek.
Bergarakoa, mendikoa
Aurtengoa, lehenengoa izango da Bergaran. Mendi lasterketa izango da, Peugeot Etormobil Sari nagusia. Sei kilometro eta 500 metroko ibilbidea izango dute, 11:00etan Seminarioan hasita. 200 lagunendako zabaldu dute izen-ematea. Herrigunean hasiko dute, eta Itsasmenditik Murinondoratz egingo dute korrika ondoren. Seminarioan amaituko da lasterketa.