Rajoyren promesaren eta iragarpenaren aurrean Jaurlaritzatik ere eskakizun gehiago etorri dira. Ana Oregi, Ingurumen eta Lurralde Politikarako sailburuak Espainiako Gobernuari Bergarako lotunearen gaineko planifikazio handiagoa exijituko dio Espainiako Gobernuari gaur egitekoak diren bileran. Era berean, 2015eko lehen hiruhilekorako Euskadiko lanen plangintza osoa aurkez dezatela eskatu zuen atzo, Espainiako presidenteak aurreratutakoa jakin berritan.
Atxondo eta Abadiño arteko lanak 116 milioi euroko kostuarekin aterako ditu lehiaketara Espainiak eta zati hori lizitatua, Bergarako lotuneko bost eremuetatik bakarra soilik geratuko da esleitzeko, Elorrio barrukoa, hain zuzen.
Azken esleipena, irailean
Lan horietatik soilik bi zati daude, martxan, biak ala biak Arrasate eta Bergaran. Irailean Espainiako Ministroen Kontseiluak AHTaren Bergarako lotunearen bigarren zatia lehiaketara ateratzea erabaki zuen. Ibilbide osoaren gune garrantzitsuetako bat da hori, Arrasate eta Bergara arteko Kobate inguruko zatia; Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako adarren elkargunea izango baita. 2,9 kilometroko luzera du zati horrek eta 133 milioi euroko aurrekontua du. Bergarako lotuneari dagokionez, lizitaturiko beste zatia Angiozarkoa da, joandako irailean, eta Kortazar inguruan eta Udalatx mendian tunelak izango dituena, besteak beste. Angiozarko beste zatian, lanetan dihardute jada, jakina denez. Horrez gain, Arrasate eta Elorrio arteko plataforma eraikitzeko lanak amaitu zituen Adif enpresak, 2013an.
Lizitazio berriarekin, Mariano Rajoyk urte hasieran agindutakoa beteko du, zati baten, eta Bizkaiari dagokionez, tren lasterraren lanen zati bakarra geratuko litzateke hasteko; Elorrio bertan dagoen zatikoa, hain zuzen.