Danele Sarriugarte: "Fikzioa efikazagoa iruditzen zait mezu batzuk helarazteko"

Txomin Madina Milikua 2014ko abe. 18a, 00:00

Danele Sarriugarte.

Martxoan kaleratu zuen 'Erraiak' izeneko nobelarekin, euskal idazle gazte nabarmenenetakoa bihurtu da ikasketaz itzultzailea den 25 urteko elgoibartarra.

1. Kuriosoa paradoxa: bikote baten amaieraz idazteak eman dio hasiera zure ibilbide literarioari.

Azken baten, barruan nituenak bota gura nituen, eta horretarako aukera ematen zidan bikote baten amaieraz berba egiteak; bakarrizketa hasteko aitzakia da. 

 

2. Liburua ez da autobiografikoa, baina protagonistaren zenbat gogoeta dira zureak?

Erlazionatzeko moduei eta hainbat mailatan dauden botere harremanei buruz idatzi gura nuen, eta gogoetak nireak dira. Fikzioa efikazagoa iruditzen zait mezu batzuk helarazteko; horregatik erabili dut.

 

3. Gordina ei da Erraiak. Ados?

Gordina partez, naturala, desmitifikatua, ez erromantikoa dela esango nuke. Ez zait hain gogorra iruditzen, jendea liburuko gauza askorekin identifikatzen dela uste dut.

 

4. Zertan aldatu da zure bizitza liburua argitaratu zenuenetik?

Jende gehiagok ezagutzen nau, eta, horrekin, hainbat tokitan bozgorailua lortu dut. Liburua amaitzean, gustura geratu nintzen emaitzarekin, baina ez nuen espero gerora etorri den arreta.

 

5. Bigarren libururako, sentitzen duzu presiorik?

Iruditzen zait egiten dudana egiten dudala esango didatela lehena hobea dela, baina ez dut presiorik sentitzen. Une honetan, nik eman beharrean, irakurtzeko eta besteengandik jasotzeko gogoa dut.

 

6. Idazten duzunean, norendako idazten duzu?

Testuaren arabera: prentsarako denean, bai pentsatzen dut eremu bat duela eta jende konkretu batek irakurriko duela;  horren arabera pentsatzen dut mezua. Erraiak idaztean, nire inguru feministan zer irudituko zitzaien pentsatu nuen, baina gehiago izan da niri balio izan didan ariketa bat.

 

7. Zein izan da idazle moduan jaso duzun laudorio gustukoena?

Esan didatenean eragin diela, edo aurretik planteatu gabeko galderak plantearazi dizkiedala. Egin didaten kritika txar bat? Esajeratua naizela.

 

8. Sare sozialetan bada literatura egiterik?

Bai, baina ez du funtzionatzen literatura tradizionalki ulertzen dugun moduan. Badaude oso txio literarioak, eta, gainera, hainbat formatu gehi ditzakezu: irudiak, musika...

 

9. Idazlea, itzultzailea... zer moduz moldatzen zinen matematiketan?

Kuriosoa da: batxilergoa zientzietan hasi nuen eta gero, humanitateetara pasatzean, ekonomia eta matematika ikasi nituen. Gustura, gainera; matematika beste hizkuntza mota bat iruditzen zait.

 

10. Idazteaz ari garela, idatzi diozu gutuna Olentzerori?

Bai: Argia-ren harpidetza eskatu diot, eta baita gustuko dudan argazkilari baten argazki bat ere. 

----------

Makila magikoa baneuka: "Emakumeen zapalkuntzari errepaso bat emango nioke, harreman afektiboetan eredu askatzaileago bat bultzatuz"

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak