Azken jardunaldian Aurreraren kontra galdu arren, behetik gora datorren taldea da Bergara. "Ondarroan galdu egin genuen bai, baina maila ona eman genuen. Itxura eta joko onak erakutsi zituen taldeak eta aldarte onarekin egingo diogu aurre derbiari", dio Arratek.
Zeruari begira dihardute azken egunetan Bergaran. Euri asko egin du eta Agorrosin "oso bigun" dagoela esan dute. "Euria egiten jarraitzen badu, bigunagoa eta lokaztuta egongo da".
Egoera hori abantaila da mahoneroendako, Aloñak belar artifizialean jokatzen duelako. Dena den, gogotsu daude oñatiarrak. "Baja batzuk ditugu, baina animatuta gaude domekarako. Elgoibarri irabaztea inportantea izan zen autoestimua igotzeko, eta zelaia lokaztuta egotea abantaila txikia izan daiteke eurendako", esan du Igor Serranok.
Emaitzak espero zirenak izan ez arren, jokalarien konpromisoa azpimarratu du Aloñako entrenatzaileak. "Gogotsu dihardute entrenatzen: gazteak dira baina konpromiso itzela dute taldearekin eta elkartearekin".