Hiru gazte atxilotu dituzte, Arrasaten beste bat bahitu eta bi orduz jipoitzeagatik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2014ko abe. 10a, 20:48

Ertzaintzak hiru gazte atxilotu zituen atzo ustez beste pertsona bat bahitu eta ondoren jipoitzeagatik. Bi eraso izan dira, azaro amaieran lehena eta abendu hasieran bigarrena. Ertzaintzaren arabera, Arrasaten emandako lehen erasoan bahitu eta jipoitu egin zuten biktima gaztea; Bergaran emandako bigarren erasoan, berriz, biktimak ihes egitea lortu zuen. Ustezko hiru erasotzaileek Bergarako epaitegian deklaratu beharko dute. [BIDEOA]

Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, Arrasaten gertatu zen lehen erasoa, azaroaren 22ko gauean. Ustezko hiru bahitzaileek pertsona bat autora sartzera behartu eta ondoren inguruko baso eremu baten jipoitu zuten, "ostikoka, ukabilkadaka eta makilekin". Bi ordu igaro ondoren biktima Arrasaten utzi zuten berriro ere.

Bergarakoan, ihes egitea lortu

Abendu hasieran, baina, beste saiakera bat izan zen, oraingoan Bergaran, ustez auto berean zihoazen gazteen eskutik. Ertzaintzak zehaztu duenez, "tamaina handiko" aizto batekin mehatxatu zuten biktima. Hala ere, borrokaren bat tarteko, une horretan kalean jendeak egon izanak gazteari ihes egiteko aukera eman zion. Ertzaintzaren ikerketak atzo amaitu ziren ustezko hiru erasotzaileak atxilotu ostean; Bergarako epaitegian deklaratu beharko dute. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak