Mozambikeko nekazariendako mikrokreditu kanpaina jarri du martxan Mundukidek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko abe. 10a, 12:13

Mundukide fundazioak Zabaldu iturria mikrokreditu kanpaina jarri dute abian Laboral Kutxarekin lankidetzan. Ur motoponpak eskuratzeko kredituak lortzea da helburua, Mozambike iparraldean kokatuta dagoen Marrupa eskualdeko nekazari familiei laguntzeko asmoz.

Zabaldu iturria kanpainak ur motoponpak erostea izango du helburu. Dagoeneko martxan da kanpaina, aurreko urteetan izandako arrakastak eredu hartuta. Proiektuan interesa dutenek informazio diptikoak izango dituzte eskura Laboral Kutxakako bulegoetan; modu horretan, kredituak eman ahal izango dituzte.

Elikatu eta ekoitzitakoa saldu

Uzta horiei esker, familia elikatzeaz gain ekoiztutako hori saltzeko aukera izango dute eta salmenta horietatik lortutako irabaziek egingo dute posible mikrokredituak itzultzea, osotasunean ez bada ere, bai %90ean. Bide hau jarraituz, Mundukidek eskualdeko ekonomiaren hobekuntza, zein gosete, desnutrizio eta menpeko ekonomia ereduari aurre egitea du jomuga.

Kredituen ekimen hau 2002an sortu zen lehenengoz, urteetan izandako uzta txarrek eragindako gosete baten ondorioz. Irtenbide bila, fundazioak laguntza ez zuzena bidaltzea erabaki zuen. Era horretan, urteek aurrera egin ahala loratuko zen proiektua jarri zuten abian, Marrupan bizi zuten menpeko ekonomia eredua gainditzeko asmoarekin.

Haur desnutrizio tasa %30ean murriztu dute

Ordutik, nekazarien laborantzak garatzen dihardute. Gaur egun, familiaren biziraupenaz gain nekazariek oinarrizko beste ondasun batzuk eskuratzeko aukera dute, baita makineria txiki edo ureztatze sistema bezalako tekonologietan inbertitzekoa ere. Horrez gain, 2000 eta 2010 urte bitartean haur desnutrizio tasa %30ean murriztea lortu da. Pobrezia protagonista den testuinguru batean  –Mozambike munduko laugarren herrialde behartsuena da– ezarpen hauek ezinbesteko suertatzen dira nezakari jardueren hazkunderako, baita azpiegitura berrien eraikuntza eta izaera kooperatiboa duten enpresa txikien sustapenerako.

Marrupe barrutia

Mozambikeko Marrupa barrutian, 15.000 kilometro koadro  dituen Niassa probintzian, 58.000 biztanle baino zertxobait gehiago bizi dira. Nekazaritza ustiapenak oso txikiak dira, ez dira 2 edo 3 hektarea baino handiagoak. Eremu hauetan zerealak lantzen dituzte eta familia bakoitzaren urteko irabaziak 50 eta 200 euro bitartekoak izaten dira. Mundukidek martxan jarritako mikrokreditu kanpainei esker 225.000 euro eman ahal izan dira 2.890 pertsonarentzako.

Mozambiken hamar urtean jardun eta gero, Mundukidek lau programa ditu martxan inguruko lau eskualdeetan (Majune, Marrupa, Balama eta Montepuez) Mozambike iparraldean zehar. 130 instruktore baino gehiagoko talde batek, Mundukideko zein bertako beste bederatzi elkarteetako pertsonek osatua, 30.000 nekazariri eskaintzen die laguntza, ureztatutako 600 hektareako lur eremuetan lan egiten dutenak.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak