Gertuko komunikabideen bigarren jardunaldia egingo dute gaur

Eneko Azkarate 2014ko abe. 10a, 06:48

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Hezikom ikerketa taldeak antolatuta, Gertuko komunikabideen bigarren jardunaldia egingo dute gaur, eguaztena, hilak 10, Aretxabaletako campusean.

"Nahi izaten dugu egindako ikerketak eta dauzkagun proiektuak aurkeztea; baita kanpoko azterketen berri jasotzea ere. Beti ere, gaia izanda gertuko komunikabideak –tokikoak edo gertukoak–", adierazi du Eneko Bidegain antolatzaileak. Bestalde, gaineratu du euren helburua dela jardunaldian biltzea unibertsitate eta ikerketa sektorea, komunikabideena eta administrazioarena.

Balio soziala

Komunikabideen balio soziala hartu dute oinarri aurtengo jardunaldirako: "Gaur egun ikertzen da Gobernuz Kanpoko Erakundeen eta erakunde sozialen inguruan, zehazki, neurtzen da sortzen  duten balio soziala. Pentsatu dugu hori interesgarria dela komunikabideetara ekartzea. Neurtzea euskarazko komunikabideek gure kasuan ze balio sozial sortzen duten. Hori ikertzeko asmoa dugu hurrengo hilabeteetan uste dugulako komunikabideen inguruan badirela oraindik ezagutzen ez diren adierazle garrantzitsu batzuk".

Horrela, euskarazko komunikabideen balio soziala ikertzea helburu duen ikerketa proiektua aurkeztuko du Hezikom ikerketa taldeak. Halaber, 2013-2014 ikasturtean, Tokikom elkartearen laguntzarekin egindako beste azterketa baten emaitzak ere aurkeztuko dituzte, estreinakoz: euskal Pirinioetako euskarazko komunikabideen egoera aztertu eta ikusi zein aukera dagoen plataforma digital bat sortzeko. Bidegainek emango du horren berri, hain zuzen.

Kataluniako eta Andaluziako tokiko komunikabideei buruz egindako ikerketak ezagutzeko aukera ere izango da, bertako ikerlarien eskutik. "Guk batez ere euskarazko komunikabideen egoera aztertu nahi dugu, baina baita kanpoan diren antzerako esperientzien berri jaso ere", zehaztu du MUko irakasleak.

Aurtengoa bigarren edizioa da. Iaz, Tokikom elkartearekin batera antolatu zen jardunaldia, eta eman ziren ezagutzera euskarazko tokiko komunikabideen erradiografiari buruzko datuak.

EGITARAUA

  • 09:00-09:15 Agurra eta jardunaldien aurkezpena.
  • 09:15-09:35 Piriniotako tokiko komunikabideen azterketaren aurkezpena (Eneko Bidegain).
  • 09:35-09:55 Tokikomen aurkezpena. Berrikuntza bat, praktika ona, erronkak... (Urko Aristi).
  • 09:55-10:15 Berria Taldearen aurkezpena (Iban Arregi).
  • 10:15-11:00 Nola saretzen ari diren tokiko hedabideak. Kataluniako esperientziak (Josep Àngel Guimerà).
  • 11:00-11:30 Atsedena.
  • 11:30-12:15 Situación de los medios de comunicación de proximidad en Andalucia. Rentabilidad Social de los medios de proximidad en Andalucia (Victoria Gabilondo eta Rocio Monedero).
  • 12:15-12:30 Komunikabideen Balio Soziala proiektuaren egoeraren aurkezpena (Aitor Zuberogoitia eta Txema Egaña).
  • 12:30-13:00 Administrazioaren aurkezpena (Patxi Baztarrika).
  • 13:00-13:30 Eztabaida, galderak.
  • 13:30-14:00 Luntxa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak