Iker Karrera: "Bizitzan ero puntu bat ere izan behar da gozatu ahal izateko"

Txomin Madina Milikua 2014ko abe. 11a, 00:00
Iker Karrera.

Amezketako Lizeaga baserriko semea, Salomon Spain taldeko mendi lasterkariaren lorpenetako bat Tor des Geants irabaztea izan da, 330 kilometroko ibilbidea duen lasterketa

1. Mendian korrika ibiltzea gauza naturala ei da zuretzat.

Txikitatik egin izan dut. Ganadua zaintzeko eta etxetik eskolara joateko nire mugitzeko modua oinez zen; eta sarritan, korrika.

 

2. 330 kilometroko lasterketa bat egiteko, zer landu behar da gehiago, burua ala hankak?

Biak. Alde bakarra landuta, erdibidera ere ez zara iritsiko; oreka behar da. Burua, ibiliaz lantzen da, esperientzia bilduz. Non zauden eta zertara zoazen argi izan behar duzu.

 

3. Lasterketa hasi aurreko minutuetan, ez zaizu nagikeriarik sartzen?

Akaso, aurreko hilabeteetan edo egun txarren baten bai, baina aurreko minutuetan ez. Orduan, benetan duzun gogoa da abiatzea, korrika hastea.

 

4. Irabazi edo ez, lasterketa bukatzeagatik zure buruari ematen diozu saririk?

Bukatzea beti da pozgarria, baina, gure kasuan, aurrean ibiltzea, borrokan ibiltzea gustatzen zaigu. Benetan gozatu, emaitza onak lortzean gozatzen dut.

 

5. Askorentzat, horrelako lasterketak zorakeria dira.  

Bai, baina gauza bera esango nieke beste hamar mila gauzaren inguruan. Benetan betetzen zaituzten gauza asko ezin dira hotzean pentsatuta egin. Bizitzan ero puntu bat ere izan behar da gozatu ahal izateko.

 

6. Urte hasiera ez duzu erraza izan.

Urteetako lasterketa eta kilometro askoren zama pilatu zen, eta gogorra izan zen negua. Denboraldi hasieran kosta egin zitzaidan lesioak atzean utzi eta sasoi onean jartzea. Egin nuena izan zen geratu, eta gero berriz ere hutsetik hasi.

 

7. Mendirik mendi, mundua ezagutzeko aukera ere izan duzu.  

Ipar Amerika eta Ozeania kenduta, beste kontinente guztietan ibiltzeko zortea izan dut. Salomon taldean egoteak ematen dit horretarako aukera. Ez dut mendi gustukoenik, guztiek dute berezitasunen bat.

 

8. Urtean zenbat zapatila pare erabiltzen dituzu?

Asko; orain, etxean 30 inguru izango ditut. Nire patrikatik ordaindu beharko banitu, askoz gutxiago izango nituzke, baina, taldean egonda, zapatila asko probatzeko zortea dut, beste askok ez dutena.

 

9. 40 urte bete zenituen irailean; erritmoa jaisten hasteko ordua?

Ez dakit. Azken urteotan gorputza eta burua hobetzen sentitu ditut; fisikoki maila onean ibiltzeko moduan nagoela uste dut. Ez dakit lehiatzeko gosez jarraitzen dudan, baina bai mendian korrika gozatzen segitzeko gosez.

 

10. Zein duzu hurrengo erronka?

Hilabete barru jaioko den semea. Horrek erakutsiko dit posible izango dudan goi mailan lehiatzea, hura izango da-eta lehentasuna.

----------

Makila magikoa baneuka: "Justizia egitea bultzatuko nuke; gizartean antolatzeko, bizitzeko, oinarrizkoa dela uste dut". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak