Eustaten kontu ekonomikoen arabera, lanaldi osoko 869.730 lanpostu baliokide behar ziren hirugarren hiruhilekoko BPGa sortzeko. Lanpostu kopuru hori oso urrun dago krisiaren aurretik, 2008. urtean, jaso zen ia milioi bateko kopuru hartatik, baina azken zazpi hiruhilekoetako daturik altuena da. Zehazkiago adierazita, urte arteko hazkunde tasa %0,5 izan zen, aurreko hiruhilekoan jaso zen hazkunde apala (%0,1) sendotzeko balio duena.
Jaitsierak moteldu
Industriak eta eraikuntzak jaitsierak moteldu dituzte. Hobekuntza EAEko ekonomiaren arlo guztietan hauteman da, baina kasu batzuetan oraindik ezin izan da enplegu garbia sortu. Izan ere, industriak oraindik lanpostuen %1,4 galdu zuen azken urtebetean. Tasa hori garrantzitsua da, baina aurreko hiruhilekoetan bildu zirenak baino nabarmen txikiagoa da.
Zerbitzuetan 7.900 lanpostu sortu dituzte
Enpleguaren alderdi samurrena gainontzeko bi sektoreek eskaini dituzte. Alde batetik, lehen arloak ia 160 lanpostu garbi sortu zituen, kontuan hartuta arlo horretako balio erantsia oso bizi murriztu zela. Beste aldetik, zerbitzuek 7.900 lanpostu inguru sortu dituzte azken hamabi hilekoetan.