Espainiako Konstituzioaren egunari intsumiso

Julen Arzuaga, EH Bilduko legebiltzarkidea, eskola

“Jai egun arrotzetan ospatzeko ezer” ez dutela eta, Espainiako Konstituzioaren egunean intsumisioa egin, eta herri eskolak, elkarretaratzea eta bazkaria egin dituzte Debagoieneko Ernaik eta Fan Hemendik batzordeak antolatuta.  Hain zuzen, Jai egun arrotzei intsumisioa, guk independentzia lelopean egin zuten elkarretaratzea atzo eguerdian Oñatiko Foruen plazan.

Mobilizazio horren aurretik, baina, herri eskola izan zuten Julen Artzuagarekin, EH Bilduko legebiltzarkidearekin, gaztetxean.

Historiaren errepasoa

“Zapaltzen gaituen konstituzioa ospatzera behartzen gaituzte”, esanez hasi zuen hitzaldia Artzuagak. Eta gaineratu: “Zapalketarako badago tresna bat: polizia. Herri honetan sufrimendu asko eragin duena, gainera”. Hain zuzen, gorputz polizialen gainean aritu zen politikaria. Inkisiziotik hasi eta gaur egunera arteko aipamenak egin zituen. Hala, hizpide izan zituen sorginkeria leporatuta erre zituzten Zugarramurdiko herritarrak edo egungo Ertzaintzaren jokabidea. Tartean, aipatu zituen torturatzaileak –Billy el niño, Sanchez Muñecas, Meliton Manzanas...–  edo trantsizio garaian gorputz polizialetan emandako aldaketak.

Aldaketa "beharra"

Ertzaintzak teorian izan beharko lukeenaren eta praktikan bihurtu denaren gaineko hausnarketa ere egin zuen Artzuagak. “EAJk sortutako Ertzaintza ez da herritarren onurarako sortutakoa, bere interesak sendotzeko gorputza baizik. Are gehiago, espainiarren interesei men eginez lortu du inpunitatea”, esan zuen. Horrela, aipatu zuen Ertzaintzaren lehen promozioa Avilako Polizia Nazionalaren akademian trebatu zela 1984an, eta urte horretan bertan, "ehun zauritu baino gehiago" utzi zituela hainbat operaziotan. “Gaur egunera arte, Ertzaintzak hamalau hildako eragin ditu auzi politikoengatik, ehunka torturatu eta milaka zauritu”, gaineratu zuen. Ertzaintzan egondako ustelkeria kasuak ere hartu zituen hizpide.

Behin horiek planteatuta, bere ikuspegitik Ertzaintzak nolakoa izan beharko lukeen proposatu zuen. “Lehenik egiten dugun planteamendua da polizia batzuk hemen soberan daudela; eta beste batzek, izan duten historiagatik, garbiketa bat behar dutela”. Hala, esan zuen Guardia Zibila eta Polizia Nazionala “arriskutsuak” direla herri honen bizikidetzarako, eta “hemendik kanpo” nahi dituela. Ertzaintzan, berriz, “garbiketa” eskatu zuen: “Gauza asko oso egin dituzte gaizki. Herriaren zapalketarako egon dira, bortizkeria erabili izan dute, tortura”. Horrela, Ertzaintza berritu egin behar dela esan zuen. “Gertutasuneko polizia bat ere badugu, konfiantzazkoa: Udaltzaingoa. Guk planteatzen dugun ereduak Udaltzaingoa jartzen du erdian. Hori ere asko hobetu behar da, ordea. Udaltzaingoari indar gehiago eman behar diogu, herritarragoa bilakatu".

Planteatzen dituen aldaketa horietarako Artzuagak beharrezkoa ikusten du herri aktibazioa: "Herri dinamika kanalizatu behar dugu eta instituzioetatik gorputz polizialari jarraipena egin". Eta honakoa esanez amaitu zuen: “Lan handia dugu. Hau elefantea da, baina mugitu egin behar dugu”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.