Eneko Bidegain: "Euskarazko hedabideen balio soziala da hizkuntzari egiten diotena baino handiagoa"

Eneko Azkarate 2014ko abe. 8a, 10:00

Komunikabideen balio sozialaz jardungo dute datorren eguaztenean MUko Ikus-entzunezkoen campusean, Aretxabaletan.Horretaz dihardu Eneko Bidegain MUko irakasle eta jardunaldion koordinatzaileak.

Berria Taldeko eta Goiena kide den Tokikom elkarteko kideak elkartuko dira, besteak beste, MUko irakasleekin eta erakundeetakoekin batera. Horiez gain, era berean, Andaluzia eta Kataluniako tokiko hedabideen errealitateaz eta funtzioaz ere jardungo dute handik etorritako adituek.

Gertuko hedabideen balio sozialaz jardungo duzue eguaztenean MUn. Zergatik?
Uste dugulako aldagai hori inportantea dela. Euskarazko hedabideez gain, beste kasu batzuk ere aztertuko ditugu. Eta, testuinguru horretan, hain justu ere, garatzen ari garen ikerketa bat aurkeztuko dugu. Euskarazko hedabideen balio soziala ikertzeko plan bat daukagu, eta hori aurkeztuko dugu. Marko teorikoa: zer den hedabide baten balio soziala, ze esparrutan neurtzen den, euskarazko gertuko hedabideen gainean zer ikertu den eta zer ez…

Iaz euskarazko hedabideen erradiografia egin zenuten.
Bai. Zenbat euskarazko hedabide dauden, ze produkzio duten, zenbat langile ari diren… hainbat datu erakutsi genituen. Orain, beste ate batzuk ireki ditugu, beste bidelagun batzuk ditugu, beste unibertsitate batzuetako ikerketa taldeak. Eta ikusi dugu beste ikerketa lerro batzuk izan daitezkeela, errentagarritasun sozialarena kasu. Ikusten da gaur egun neurtzen ari dena dela, bai gobernuz kanpoko erakundeetan eta baita hedabideetan ere, ze aberastasun sortzen duten erakunde hauek euren ingurunean. Ez da audientzia edo kalitatea bakarrik, baizik eta baita hedabide horiek gizarteari egiten dioten ekarpena ere. Ikerketaren hasiera fasean gaude eta 2015eko uztailerako lehen ondorioak aurkeztu nahiko genituzke.

Mondragon Unibertsitatean zeure lankide diren Aitor Zuberogoitiak eta Txema Egañak egingo dute ikerketa. Ze parametro hartuko dituzte kontuan errentagarritasun soziala neurtzeko?
Esaterako, zein diren hedabideen eragin taldeak. Goiena eta Berria taldeak aztertuko ditugu eta horien 25 bat eragin talde hartu eta horietan hedabideok ze eragin duten ikertuko da.

Zein da hedabide horien balio sozial inportanteena?
Ikerketa oraindik ez dugu hasi, hortaz, ezin erantzun aldez aurretik. Edozelan ere, zenbat lagunengana heltzen den; euskarari ze ekarpen egiten dion; informazioaren zabalkundea; hiritartasunari egiten dion ekarpena;… Eta ekonomiari egiten diona, hau da: zenbat zerga ordaintzen duten, gizarte segurantzan zenbat kotizatze duten, zeharkako zenbat enplegu sortzen duten… Halako kontuak aztertuko ditugu bi hedabideotan.

Hedabideok euskararen normalizazioari egiten dioten ekarpena ez ezik beste ekarpen batzuk ere egiten diotela gizarteari frogatu nahi duzue?
Bai. Eta erakutsi euskarazko hedabideak diruz laguntzea ez dela izan behar soilik hizkuntza politikaren kontua. Hezkuntzan, gizartearen ehuntzean, ekonomian… eragina duela frogatzen badugu, argi geratuko da, gure ustez, gizarteari ekarpen handia egiten dion sektore ekonomikoa dela euskarazko hedabideena.

Eztabaida eragin du Eusko Jaurlaritzaren azkeneko diru laguntzen ebazpenak. Ze iruditu zaizu eztabaida hori?
Oinarrizko arazoa, eta hedabideen artean urduritasuna sortzen duena da banatzeko dagoen diru poltsa ez dela nahikoa. Dagoen hedabide kopuruarendako txikia da, behinik behin. Diru gehiago behar dute hedabideek eta beste diru poltsa batzuetatik etorri behar da hori, gure ustez. Ez hizkuntza politikako poltsatik bakarrik. Diru laguntzak banatzeko irizpideen inguruan hedabideen artean eztabaidatan aritzea ez zait egokia iruditzen.

Hedabideen irismenak sortu du eztabaida. Beste batzuek esan dute kalitatea ere neurtu beharko litzatekeela…
Ez dut eztabaida horretan sartu nahi. Arriskutsua da eta tranpa handia da, euskarazko hedabideei mesede egiten ez dielako. Hedabide batzuei balio handiagoa ematea beste batzuei baino oso arriskutsua da. Ez dut gutxietsi nahi ikerketa bat edo bestea, ezta irizpide bat edo bestea.

Euskal hedabideez ez ezik, Andaluziako hedabide lokalen errentagarritasun sozialaz ere jardungo duzue jardunaldietan.
Andaluziako irrati lokalak aztertu dituzte Malagako Unibertsitateko irakasle batzuek eta egindako lana aurkeztuko dute jardunaldietan. Haien errentagarritasun soziala zein den eta ze hobekuntza egin beharko lituzketen aztertu dute. Izan ere, hedabideek duten errentagarritasun sozialaren arabera, erakundeek diruz saritzen dituzte hedabideak. Ez da erabiltzen irizpide moduan dirulaguntzak emateko, baizik eta sariak emateko. Era honetara administrazioak berma dezake, era batera, hedabideek funtzio sozial bat betetzen dutela.

Eta Kataluniako tokiko hedabideak zela saretzen ari diren ere aztertuko du Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Josep Angel Guimera irakasleak.
Bai. Katalanez jarduten diren hedabideak haien artean zela saretu diren eta ze elkarlan modu duten azalduko digu, alde onak eta ez onak aztertuz.

Zuk zeuk Pirinioetako tokiko komunikabideen azterketaren aurkezpena egingo duzu. Ze hedabide aztertu duzu eta ze ikuspuntutatik?
Helburua izan da Pirinioetako euskarazko hedabideek, haien artean, plataforma digital bat sortzeko aukera aztertzea. Aztertu ditut Tttipi-Ttapa, Xorroxin, Xaloa, Irati, Irulegi, Xiberuko Hotsa, Kanaldude eta Herria-ren egoera, gogoa edo asmoak, plataforma digital komun bat sortzeko. Ondorioak aurkeztuko ditut eguazteneko jardunaldian.

Plataforma digital hori irtenbidea da aipatu dituzun hedabideendako?
Indar sortzaile izan daiteke, baina bakoitzaren kezkak, berezitasunak, prestutasunak, ahalmenak… kontuan izan behar dira. Eremu geografiko berezi eta zabala da Pirinioetako hura. Eta behar dute elkar hurbildu, harremanak saretu, lurraldeak trinkotzeko. Kezka ekonomikoak dituzte, egoera txarrean daudelako eta dedikazioa eskatzen duelako plataforma digital berria sortzeak eta horrek, haien moduko hedabideetan zailtasun handiak sortzen dituelako. Lesakatik Maulera kilometro asko daude eta errealitateak ezberdinak dira. Esaterako, Debagoienean proiektu komunak bultzatzea errazagoa da, ez dauka hangoarekin zerikusirik. Beste hau konplikatuagoa da baina, era berean, funtsezkoa haien biziraupenerako. Internetek, gainera, aukera handiak sortzen ditu saretzeko.

Ze espero duzue eguaztenean egingo diren Gertuko Komunikabideen bigarren jardunaldietatik?
Iaz hasi ginen, eta nahiko genuke erreferente bilakatzea hizkuntza gutxituko gertuko komunikabideen inguruko ikerketa lerroei dagokienez. Eta, horrekin batera, administrazio, unibertsitate eta sektorearen elkargune izatea, harremanak egonkortze eta hobetze aldera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak