Alex Arantzabal: "Eibar eta Arrasate beti izan dira herri anaiak, eta harreman hori estutzeko bidea izan daiteke"

Julen Iriondo 2014ko abe. 4a, 14:48

Lehen Mailako Eibar futbol taldeak goizean egin du aurreneko entrenamendu saioa Arrasateko Atxabalpeko zelaian –ateak itxita–. Aurrerantzean hura izango du ohiko entrenamendu leku. Alex Arantzabal presidentea eta Inazio Azkarragaurizar Arrasateko alkatea pozik mintzatu dira. Eibarko entrenatzaile Gaizka Garitanok, ordea, entrenatzeko zelaia edukitzea berri ontzat jo arren, topatu den soluzioak "deserosotasunak" dakartzala adierazi du.

Duela zenbait egun jakin genuen Arrasateko Atxabalpeko zelaia izango dela aurrerantzean Lehenengo Mailako Eibar futbol taldearen entrenamendu leku berria.

Eibarren bertan Ipuruaz gain entrenatzeko belar naturaleko beste zelairik ez, eta azkenaldian, adibidez, Bergaran ibili dira entrenatzen; Arrasaten, ordea, abantaila izango dute zelaia eurendako bakarrik izango dela, Agorrosinekin gertatzen ez zena.

Goizean egin du Eibarrek aurreneko entrenamendu saioa Atxabalpen, ateak itxita. Jokalariek egoera onean topatu dute zelaia, taldeak bertan entrena zezan erabat utzita zegoen belardia egokitu eta txukun-txukun jarri baitu klubak. Belardia eta gainerako instalazioak berritzen 60.000 euroko inbertsioa egin dute armaginek.

Entrenamenduaren ondoren, inaugurazio ekitalditxo bat egin dute bi erakundeetako ordezkariek, Eibarko zuzendaritzakoek eta Arrasateko Udalekoek, Alex Arantzabal presidentea eta Inazio Azkarragaurizar alkatea buru.

Pozik agertu dira bi mandatariak; Eibarko presidenteak nabarmendu du aukera ederra dela halako zelai bat Eibartik 15 minutura.

Deigarria izan da, ordea, Gaizka Garitano eibartarren entrenatzaileak adierazi baitu Eibartik 30 minutura mugitu behar dutela orain entrenatzera. Garitano ez zegoen hain pozik entrenatzeko leku gabeziari klubak eman dion irtenbidearekin. Jokalariei dagokienez, Mikel Arruabarrena baikorrago agertu da.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak