Osasun sistema garai berrietara egokituz

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko abe. 4a, 11:32
Bigarren mahai-inguruan parte hartu zuten profesionalak.

Mondragon Health, SEDISA eta Barrualde-Galdakao ESIk antolatuta osasun arloko jardunaldiak egin zituzten atzo Galdakao-Usansolo ospitalean. Osasun arloko teknologian orainaldira eta etorkizunera begira osasunaren eta herritarraren kudeaketan eman diren azken aurrerapenak aurkeztu zituzten, besteak beste. Jardunaldian bi mahai-inguru egin zituzten.

Osasunaren sektore nazionaleko 150 profesional eta aditu baino gehiago elkartu ziren atzo, Galdakao-Usansolo Ospitalean burutu zen Mondragon Health, SEDISA eta Osakidetza arteko VI. jardunaldian. Espainia eta EAEko osasun-instituzioetan txertatzen ari diren kudeaketa-eredu berriak aurkeztu zituzten, besteak beste.


Mikel Alvarez Mondragon Health erakundeko zuzendariaren hitzetan, “jardunaldi honen helburua une honetan osasun-sistemek iraunkortasun ekonomikoari dagokionez dituzten zailtasunak agerian jarri eta horiek eraginkorragoak izateko antolaketarekin lotutako hobekuntzak txertatzeko dagoen premia ikusaraztea da”. Alvarezek nabarmendu zuen: “Birzehaztapen batzuk behar dira, osasun unibertsalaren printzipioak bermatzeko; hau da, guztiontzako osasunarekin lotutakoak”.

Arartekoak erabiltzaileen kexak azaldu zituen

Iñigo Lamarca Arartekoak Euskadiko osasun-sistemako erabiltzaileen aldetik jasotzen dituen kexa nagusiak azaldu zituen eta oroitarazi zuen: “Osasun-eskubidea garrantzitsuena dela, eta norbanako guztiei dagokien giza eskubidea dela”. Amaitzeko, adierazi zuen: “Horregatik, hala Osasun Saila nola Osakidetza eskubide hori herritar guztiei bermatzen saiatu behar dira”.


Arartekoaren hitzaldiaren ondoren, bi mahai-inguru egin zituzten: Osasun zerbitzuak emateko eredu berriak eta Herritarrak eta osasun arloko teknologia.

Osasun sistema egokitzeko premia

Lehen mahai-inguruari dagokionez, osasun-zerbitzuko eredu berriak aurkeztu zituzten. “Osasun-sistema egokitzeko premia dago, bilakaera demografikoak, gaixotasun batzuen epidemia eboluzio azkarrak, berrikuntza teknologiko eta sozialak, nahiz pazientearen igurikimena areagotzeak eraginda”, adierazi zuen mahai horretako moderatzaile Andoni Arzelayk, Osakidetzako Integrazio Asistentzial eta Kronikotasun Zerbitzuko buruak.

Pazienteen partaidetza areagotu da

Jardunaldiko bigarren mahai-inguruan Herritarrak eta osasun arloko teknologia izeneko gaia landu zuten. Moderatzaile lanetan Antonio Arraiza aritu zen, Osakidetzako Osasun Asistentziako Zuzendaria. Hizlariek osasunaren sektorean teknologia berriak txertatzearen ondorioak nabarmendu zituzten; izan ere, pazienteen arreta indibiduala nahiz taldekakoa hobetzea ahalbidetzen dute. Teknologia horiei esker, pazienteak partaidetza handiagoa du bere osasunaren prozesuetan, modu horretan, pazientea arduratsuago eta aktiboagoa da bere osasunari dagokionez. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak