Gipuzkoako komertzio txikia sustatzeko kanpaina abian

Eneko Azkarate 2014ko abe. 3a, 07:18

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Dendartean elkarteak elkarlanean bertako komertzio txikia sustatzeko kanpaina jarri dute abian. Kanpaina honen bidez, buruarekin eta bihotzarekin erosteko deia luzatu nahi izan diete gipuzkoarrei Dendartean elkarteak. Kanpaina horren berri emateko ohar bat eman dute. Eskualdean hiru dendari elkarte dira Dendarteaneko kide: Arrasateko Ibai-Arte, Bergarako Bedelkar eta Oñatiko Txanda.

Hemen, oharra osorik:

Buruak eta bihotzak bat egiten duten lekuak

"Kanpaina hau Gipuzkoa osora zabaltzen da, 10.000 txikizkako merkataritza establezimendu inguru daudelarik momentu honetan eta 24.000 pertsonei ematen die enplegua, autonomoak barne. Autonomia erkidegoko barne merkataritzak Barne Produktu Gordinaren %11,33a suposatzen du eta enpleguaren %14a. Merkataritza sektorea beraz, garrantzi handikoa da eta dagokion garrantziaren araberako arreta eskaini behar diogu.

Datu hauetaz gain, ordea, bada beste bat garrantzi handikoa dena guretzat: 1.000 biztanleko 15 denda ditugu Gipuzkoan, EAEn 13,48 izanik, Espainiar estatuan 12tik behera eta Europan 8 bakarrik. Datu honek gure herri eta hiriek duten egitura eta gure bizi eredua islatzen du. Aniztasuna altxor bat da. Harro egoteko arrazoiak baditugu eta horrela izaten jarraitzea espero dugu.

Egitura honi profesionaltasuna eransten diogu, gainera, eskainitako produktu eta zerbitzuetan kalitatea, eskaintza zabala eta kokaturik gauden auzo eta herrietan txertaturik eta inplikaturik gaude, ingurunea hobetzeko hainbat ekintza burutzen ditugularik.

Guretzat oso garrantzitsua da erakunde publikoek bertako komertzio txikiaren aldeko apustua egitea eta eskerrak ematen dizkiogu Gipuzkoako Foru Aldundiari emandako laguntzagatik. Ez bakarrik negozio txiki hauek bizirik mantentzeko, baita hauek bizirik izateak gizarte guztiari egiten dion onuragatik ere. Hauek bizirik mantentzen badira esan genezake guztiok irabazten dugula, gure herriek eta, oro har, Gipuzkoak irabazten duela.

Gaurtik aurrera martxan jarri behar dugun kanpainan adierazten dugun moduan, buruari eta bihotzari kasu egiten diogunean komertzio txikian erosten dugu:

Batetik, aberastasuna herrian geratzen da eta banaketa justuago bat egiten dugu, bertako ekoizleei laguntzen diegu, bizi eredu jasangarria bultzatzen dugu, herrian aktibitatea sortuaz, mugikortasuna erraztuz eta hondakinak murriztuaz.

Bestetik, hau guztia hurbiltasunez egiten dugu, harreman sozialak hobetuaz, komunitatea indartuz, espazio publikoak bizirik eta seguru mantenduz, konfiantzaz eta noski kalitatezko produktu eta zerbitzuak eskainiaz.

Arrazoiak asko dira, arrazionalak eta emozionalak. Koherentziaz jokatu eta erosketa inteligentea egin nahi badugu, ez gaitezen laranja erdiarekin geratu eta eros dezagun bertako komertzio txikian. Txikia izatea da handi egiten gaituena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak