Gipuzkoako Diputatuen Kontseilua: 'Euskaldunon oroimena berreskuratu, euskarari etorkizuna errazteko'

Jon Berezibar 2014ko abe. 3a, 00:00

Euskararen Eguna dela-eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak adierazpena onartu du. UNESCOren arabera euskara "bere lurraldean hizkuntza gutxi eta zaurgarria" dela ematen da aditzera testuan eta "duintasuna, autoestimua, ohorea eta erreparazioa" aitor dakion eskatzen da.

Aintzatespen adierazpena:

"Egia
Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta herri gisa bereizten gaitu. Asimilazio eta ordezkapen prozesu luze eta dinamiko baten ondorioz, euskararen hizkuntza komunitatea ez‑osoa da, desegituratuta dago, eta euskara auzo hizkuntzekiko egoera asimetrikoan aurkitzen da. Munduan arriskuan diren hizkuntzen Unescoren Atlasaren arabera, euskara hizkuntza gutxitua eta zaurgarria da bere lurraldean.
Euskarak atzerakada eta galera handiak izan ditu hedatuta dagoen lurralde eremuan eta erabilera funtzio sozialetan, euskaldunok pairatu dugun jazarpen linguistikoaren eraginez.  Euskal hiztunen komunitateak asimilazio kulturala eta linguistikoa sufritu ditu, euskaraz bizitzeko debekuak, oztopoak eta trabak ezarri dira, eta euskaldunonganako gutxiespena eta ezikusia izan dira. Alienazioa, deserrotzea edota kultur deslotura, egoera horren sintomak dira. Egun, oraindik, badira hamaika traba euskaraz bizitzeko.

Era berean, euskarari bizirik eusteko determinazioa erakutsi du herri honek, euskara biziaren alde eginez, belaunaldi berriei euskara helaraziz, euskara ikasiz eta erabiliz, euskararen normalizazioan egindako aurrerapausoen protagonista bilakatuz.

Oroimena
Euskal Herrian asko hitz egin da hizkuntza normalizazioaz, baina duela gutxi arte, idatzi gabe zegoen oraindik euskal hiztunen kontakizuna: euskararen kontura izan dituzten pozak, eta nola sentitu diren askotan indargabe haren egoera ikusita. Ez dira nahikoa aztertu egoeraren alderdi psikologikoak. Frustrazioak eta pasioak memoriaren zati dira eta, hori dela eta, beharrezkoa da jakitea nola sentitzen diren pertsonak. «Memoriak komunitatearen izaera definitzeko indarra dauka, zeren eta, subjektiboa bada ere, ezin da historia bezala faltsifikatu» (Jonah Rubin).

Aitortza, duintasuna, autoestimua, ohorea, erreparazioa
Euskal hiztunen bizitzak ezin du, jada, frustrazioaren bidean barrena jarraitu. Normalizazio politikoaren garaia da, eta haren besotik etorri behar du normalizazio linguistikoak ere. Izan ere, kontakizunek eta memoria historikoak garrantzia duten garai berri hauetan, geure bizipenen berri eman behar dugu euskal hiztunok, euskaldunon autoestimua indartzeko, bizitza duina izateko.

Bizipen horien berri eman behar da eta horiekin jabetu. Euskaldunok jasan duten eta jasaten duten kaltea gizarte desorekatu baten isla da, eta hori aitortu behar dute erakundeek eta gizarteak, oro har. Gainera, behar adina neurri hartu behar dira bizipen gaizto horiek iraganekoak, eta iraganekoak soilik, izan daitezen.

Borondatea, determinazioa, konpromisoa, ahalegina, biziberritzea, berreskurapena
Euskararen transmisioaren katea hondatu duten ekinaldien gainetik, euskarari bizirik eusteko determinazioa erakutsi du herri honek, etsipenari aurre eginez eta euskara berreskuratzeko eta biziberritzeko mugimendu zabala eratuz. Ahalegin eta konpromiso pertsonal eta kolektibo miresgarri hori nabarmendu nahi dugu. Euskararen aldeko mugimendu sendo bat sortu zuen,  aspaldi, euskaltzaletasun herrikoi bat hedatuz, eta euskalgintza sozial eta instituzionalak eratuz. Euskararen herria gauza izan da ekimen indartsu eta emankorra sortzeko, gaur arte iraun duena eta euskara ospeletik eguterara ekartzeko gai izan dena. Horri esker euskarari bizirik eutsi diogu euskaldunok.

Jazarpenak eragindako frustrazioak eta berreskuratzeko determinazioak eratzen dute geure memoria, bien baitan dago euskararen egungo egoera ulertzeko oinarria. Gipuzkoako Foru Aldundiak gogoeta bikoitz hori sustatu eta jendarteratu nahi du, badelako garaia. Gure gizarteak euskararen iraganarekin eta etorkizunarekin uztartuta egin nahi du bere bidea,  euskaraz biziz, duintasun osoz.

Aitortza
Euskaldunoi, pairatu duten bazterkeria eta desorekarengatik. Zorretan gaude.

Eskertza
Euskaldunoi, euskara transmititzen, biziberritzen eta berreskuratzen egindako ekarpen eta ahaleginarengatik.

Eskariak
Euskara biziberritu eta berreskuratuko duen hizkuntza politika eragingarria adosteko eta ezartzeko eskaria euskal erakundeei, euskara osasun betean bizi dadin bere lurraldean, euskal herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko eta bermatzeko, eta euskararentzat lortzeko Europako estatuen hizkuntza ofizialekiko berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera, eremu juridikoan, politikoan eta soziolinguistikoan.

Konpromisoa
Ekimen honen bidez, euskararen normalizazioa lortzeko eskari zilegizkoari men egiten diogu, elkarren arteko konfiantza eta errespetua indartzeko jendartean, eta gizartearen kohesioa ahalbidetzeko."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak