Langabeziak behera egin du azaroan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko abe. 2a, 12:04

Azaroko langabezia datuak eman dituzte argitara. Debagoienean, azaroan, urrian baino 70 langabe gutxiago zeuden. Langabezia tasa kontuan hartuta, azaroko langabezia tasa %12,63koa zen. Bailarako ia herri guztietan egin du behera langabeziak, Elgetan eta Aretxabaletan izan ezik. Elgetan gora egin du eta Aretxabaletan mantendu egin da langabe kopurua.

Azaroko langabezia datuek diote azaroan urrian baino 70 pertsona gutxiago zeudela langabe Debagoienean. Urriko datua 3.835 zen, eta azarokoa 3.765. Langabezia tasa 0,24 puntu jaitsi da, hortaz.

Datuak herriz herri

Datuak herriz herri aztertuta, esan daiteke herri guztietan egin zuela hobera langabeziak. Urrian baino langabe gutxiago zeuden azaroan herri guztietan, Elgetan eta Aretxabaletan izan ezik. Aretxabaletan, langabe kopurua mantendu egin zen: 351 langabetu, %10,38ko langabezia tasa. Elgetan, ostera, hiru pertsona gehiago zeuden langabe. Langabezia tasa %11,07tik %11,62ra pasa zen.

Langabezia tasa txikiena Leintz-Gatzagak eta Oñatik dute. Gatzagan langabezia tasa %7,41ekoa zen azaroan; eta, Oñatin, %8,44koa. Langabezia tasa altuena, aldiz, Arrasatek du, %16,35arekin. Urrian 1.716 langabetu zeuden Arrasaten eta azaroan 1.694.

Hego Euskal Herriko datuak

Hego Euskal Herrian ere behera egin zuen azaroan langabeziak. Azaroan 1.606 langabe gutxiago zeuden. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian behera egin zuen langabeziak; Nafarroan, aldiz, zerbait igo zen.

Iazko azaroarekin alderatuta, aldiz, lurralde guztietan jaitsi da langabezia.

 

Herria Urriko datuak Azaroko datuak
Antzuola 104          %9,53 95            %8,71
Aretxabaleta 351          %10,38 351          %10,38
Arrasate 1.716       %16,56 1.694       %16,35
Bergara 857          %12,22 849          %12,11
Elgeta 60            %11,07 63            %11,62
Eskoriatza 267          %13,11 260          %12,76
Leintz-Gatzaga 11            %8,15 10            %7,41
Oñati 469           %8,94 443          %8,44
Debagoiena 3.835        %12,87 3.765       %12,63

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak