Tania de Sousa: "Musika ez da ezer estetika bat gabe; irudia, artea ere bada"

Txomin Madina Milikua 2014ko abe. 4a, 00:00
Tania de Sousa.

Zestoarra 18 urte zeuzkanetik dabil musikan; orain, 27 urterekin eta, besteak beste, Zuloak eta halako proiektuen ostean, Tania Tank atera du, bakarkako lehen lana.

1. Supermerkatu baten lan egitetik, musikatik bizi izatera... Ez da aldaketa makala!

Nahiko nuke musikatik bizi izan! Orain, horretan zentratuta nago,: hasierak zailak dira, eta pixkanaka joango naiz. Lehenengo diskoa apustu bat da; asmoa da urtebeteko bira egitea. 

 

2. Zer erakutsi dizu taldean aritzetik bakarlari moduan ibiltzera pasatzeak? 

Erantzukizuna handiagoa da, baina gusturago nabil: nire kantak dira, eta egiten dudanaren kontrol osoa daukat. Nire bidea hartu dut; bide zuzena, uste dut.

 

3. Tania Tank duzu lehen lana bakarlari moduan . Gustura emaitzarekin?

Denbora eta baliabide gehiagorekin hobe daiteke, baina, lehen diskoa izateko, gustura nago. Akaso, produkzioan zerbait aldatuko nuke, kantaren bat ere bai; uste dut hori artista guztioi gertatzen zaigula. 

 

4. Diskoko hamabi kantuetatik hamaika zureak dira. Zeinek definitzen zaitu ondoen?

Ez dakit... Uste dut denek nitaz hitz egiten dutela; literalak izan barik, nahiko autobiografikoak dira: egoera pertsonalak, beldurra, amodio eta desamodioak...

 

5. Zer dakarkio euskal musikari Tania de Sousak?

Ez dugu ezer asmatu, baina uste dut zerbait freskoa egiten gabiltzala. Askotariko estiloak lantzen ditugu, beste bide batetik goaz

 

6. Hilabete gutxi da diskoa kalean dela, eta dagoeneko AEBetan bira egin duzu.

Sekulako bidaia izan zen, ahaztezina. Leku txikitan jo arren, esperientzia polita izan zen. Bira bat horrela hastea sekulakoa da, gehiago ez dugu halakorik egingo!

 

7. Zein garrantzi ematen diozu irudiari?

Tamainan, baina egun daukan garrantzia. Dena bisualki sartzen zaigu: bideoak, argazkiak... Irudia ez da obsesio bat, baina beti gustatu izan zait gauzei estetika bilatzea. Musika ez da ezer estetika bat gabe; irudia, artea da ere bada.

 

8. Alde handia dago agertoki gaineko Taniaren eta egunerokoaren artean?

Agertokian espresatzen dudana sentitzen dudana da. Esaten didate agertokian energia eta indar handia erakusten dudala, gero xumeagoa naizela. Baliteke, baina naturaltasunez ateratzen zait.

 

9. Zuloak proiektuak egin zintuen ezagun. Nola gogoratzen duzu?

Ezagutarazteaz gain, dakidan %80 irakatsi zidan. Nire bizitzan puntu eta aparte bat izan zen, zerbait ahaztezina. Aukeragatik eskertuta nago eta nostalgiarekin gogoratzen dut, baina ez penaz. 

 

10. Fermin Muguruza barik, zauden lekuan egongo zinateke?

Inondik inora ere ez. Jendeak ez lidake hainbeste laguntza emango, hainbesteko zabalkundea egingo. 

----------

Makila magikoa baneuka: "Gauzak azkarrago joatea eragingo nuke, bat-batean gure kontzertuetan ehunka pertsona egotea"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak