Sail profesionalean Debagoienetik sailkatutako hiru laburrak saritu dituzte. Batetik, Asier Altunaren Soroa film laburrak argazki onenaren saria jaso du. Bestetik, Kepa Errasti aretxabaletarraren Aitona Mantangorri lanak gidoi onenaren saria eroan da. Amaitzeko, Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen laburrak bi sari eskuratu ditu: film onenaren saria eta zuzendaritza onenarena. Aipatzekoa da ere, jaialdi honen baitan ospatutako Zinema begiratu eta ulertu. Nola? mahai-inguruan parte hartu zuela Arregik.
Zinegile-harrobi bikaina
Huheziko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasle ohien artean ere, iaz eskoletan egindako lau film labur sailkatu ziren finalera eta horietatik bi saritu dituzte.
Labur horiek sail amateurrean lehiatu dira eta ondorengo sariak jaso dituzte: Positibatzea lanak Gazte 22 saria eskuratu du –22 urtetik beherakoei zuzendutako saila da hori– eta Anonymous film laburrak bi sari desberdin irabazi ditu; batetik, ekoizpen onenaren saria, eta bestetik, Antzar Morea saria –genero ikuspegia hoberen txertatzearren–.