John Andueza: "Jendeari gustatzen bazaio, ziurrenik jarraituko dut nobela beltzak idazten"

Maialen Torres 2014ko aza. 30a, 11:21

Gazteentzako liburuetatik urrunduz, bi detektiberen istorioarekin datorkigu oraingoan John Andueza. Arrasatearrak bere lehen nobela beltza aurkeztu eta kaleratu du aste honetan: Prime time.

Aspalditik prest zenuen liburua; zergatik kaleratu duzu orain?

Egia esan, gogoa nuen behingoz bukatuta ikusi, kaleratu eta, batez ere, esku artean izateko. Izan ere, duela urtebete-edo bukatu nuen Prime time idazten, baina argitaletxearen erabakia izan da orain arte itxarotea, Durangoko Azokaren ataria ikusi dute egokien, eta astelehenean bertan izan nuen liburua lehen aldiz esku artean.

Kritikarik jaso duzu dagoeneko?

Ba, egia esan ez, oraindik labetik atera berria da liburua, eta ingurukoek eta argitaletxeko jendeak zirriborroa irakurri duten arren, irakurleek oraindik ez dute astirik izan. Hala ere, badut jendearen iritzia jasotzeko gogoa eta jakin-mina.

Ez da zure lehen liburua, baina genero honetako lehena bai.

Hala da, nire lehen nobela beltza da, orain arte egindako lanetik oso bestelakoa. Orain arte oso zentratuta egon izan naiz gazteentzako idazten, eta hori abentura bat da. Lan hau, ordea, oso desberdina da, konplikatuagoa, landuagoa eta egiteko nekezagoa. Baina, edonola ere, probatzeko gogoa nuen.

Hortaz, aurrez egindakotik erabat desberdina dela esango zenuke?

Bai. Gainera, intentzioa hori zen hasieratik. Beste kontu bat da jendeak gustuko izango duen edo ez. Gomendatuko nuke aurreiritzirik gabe hartu eta, gustatuz gero, bukaeraraino irakurtzeko, azken finean horixe baita idazle batentzat gauzarik politena.

Zerk egiten du liburua erakargarri?

Batetik, estiloa: freskoa, arina eta eraginkorra da. Jendeari irakurtzea errazteko eta jendearengana gerturatzeko helburuarekin dago idatzita liburua. Bestetik, trama indartsua du. Nobela beltz bateko tramak harrapatu egin behar zaitu, bestela ez du zentzurik. Esango nuke Prime time-n badagoela trama bat azkeneko orriraino harrapatzen zaituena, eta azken orrian bada azken zaplazteko bat.

Durangora begira, ze asmo?

Saiatuko naiz lanari oihartzuna ematen, jendearekin eta irakurleekin harreman zuzena bilatzen. Hori ere liburuaren prozesuaren parte da, promozioa eta irakurlearengana iristea, bestela alferrik ari gara. Ea harrera ona duen.

Hurrengo lana gazteentzat ala helduentzat izango da?

Aldez aurretik ez ditut gauzak oso argi izaten. Gazteentzako idazten jarraituko dudala argi daukat, ondo pasatzen dudalako eta badakidalako funtzionatzen duela. Orain hartutako bidearekin ez dakit asmatu dudan. Jendeari gustatzen bazaio, ziurrenik animatuko naiz jarraitzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak