Sei urteko agintaldia amaitu du dimisioarekin Mario Fernandezek. BBKko presidente izendatu zuten Fernandez 2009an, Xabier Iralaren lekukoa hartuz. Ondoren, hiru kutxen fusioa gauzatu zen. Aurreko bi aldietan fusioak porrot egin zuen, eta Fernandez hori lortu eta fusioak ekarriko zizkion erronkei aurre egiteko ere heldu zen. Hiru kutxek 2012an egin zuten bat, eta Fernandez presidente hautatu zuten.
Hezkuntza arlora itzuliko da
Fernandezek berak aipatu duenez, beste hainbat kasuetan esan bezala, hezkuntza arlora bueltatzeko asmoa du. Deustuko Unibertsitatean irakasle zen, eta Uria y Menendez bulegoan lan egin izan du abokatu moduan.
Dimisioa emateko arrazoiak Vocento taldeko egunkarien ustez
Vocento taldeko egunkariek zabaldu dutenez, EAJko eta Kutxabankeko zenbait arduradunekin izan dituen desadostasunak izan dira dimisioa emateko arrazoia. Desadostasun horiek etorkizuneko estrategiaren ingurukoak eta kapital pribatuaren sarreraren ingurukoak direla diote egunkari horiek.
Presidente berria Administrazio kontseiluak izendatuko du
Kutxabankek aurreratu du bihar aukeratuko dutela presidente berria izango den kontseilaria. Ondoren, pertsona hori presidente izendatuko dute Administrazio Kontseiluan.