Esperientziak elkartrukatzea, haietatik ikastea, elkar ezagutzea eta gai politiko eta sozialez eztabaidatzea dira beste batzuen artean Debagoieneko Gaztetxeen VI. Jardunaldien helburuak. Arrasaten egiten diren bailarako bigarren topaketak dira hauek –iaz Oñatin egin zituzten–.
Bailaraz kanpoko proiektuak
Bailarako esperientziak ezagutu ez ezik, Euskal Herriko beste toki batzuetako proiektuak ere ezagutu ahal izan dituzte jardunaldietan batu direnek. Atzo, Gernikako Astra eta Sestaoko Txirbilenea kulturguneetako ordezkariak izan ziren Arrasaten euren esperientzien, egoeraren eta erronken gainean jarduten.
Gaur ere jarraituko dute bestelako kontuekin, izan ere, goizean Ezker Abertzalearen egokipen estrategikoaren inguruko ekarpena delako hitzaldia izan dute. Arratsaldean, propaganda tailerraren ostean Tomar el escenario dokumentala eskainiko dute eta ondoren mahai ingurua izango da. Musika alternatiboan emakumearen presentziak eta gabeziak aztertzen ditu dokumentalak.
Errealitate desberdinak, arazo berdinak
Jardunaldietan atzo batu ziren bailarako gaztetxe desberdinetako ordezkariek adierazi zuten, oso funtzionatzeko modu desberdinak dituztela gaztetxeek. "Herri bakoitza da desberdina eta horregatik erantzuna ere desberdinak da", zioten ordezkariek. Eta gaineratu: "Hori bai, denok ditugu arazo eta kezka antzekoak".
Etorkizuneko erronkez galdetuta, adierazi zuten besteak beste erronkak jarraitzen duela izaten gaztetxea izatea autogestioan oinarritutako alternatiba izatea.