Talde "polita" izan dute aurrean Aritz Gordo Arrasateko argazkizaleak eta Xabier Urzelai Goienako kazetariak. 23 lagun, gogotsu: "Jendea ikasteko gogoz datorrenean dena errazten da", dio Urzelaik. "Ikastaroa bukatuta, jarraitzeko gogoa azaldu dute askok", gaineratu du Gordok.
Bakarkako jarraipena
Parte-hartzaileen ezagutza maila oso desberdina izanik ere, primeran egin dute lan elkarrekin, eta hori nabarmendu dute irakasleek: "Egokitu egin dira bata bestearenera". Ikastaroa Goienako egoitzan gauzatu da, hein handi baten, baina praktikotik asko eduki du. Alegia, ikasleek euren argazkiak erakutsi eta zalantzak argitu ahal izan dituzte klaseetan. "Irakasleek parte-hartzaileoi egin diguten banakako jarraipena itzela izan da. Gakoa izan da ikasteko orduan", dio Edurne Baltzategik.
Irteera praktikoa, Larrinora
Ikasitakoa praktikan ipintzeko parte-hartzaileek Larrinora egindako irteera ere oso aberasgarria izan da. Egunsentia, paisaia... Sekulako aukera argiarekin, filtroekin, tripodearekin, flash, eta abarrekin lan egiten ikasteko. "Irakasleak han egonik edozein zalantza zuzenean argitzeko aukera izatea baino zer hoberik", gaineratu du Baltzategik.