Ziurtagiria jaso zutenen artean, bailarako enpresak zeuden. Antzuolako Elayk goi-mailako Bikain ziurtagiria jaso du, urrezkoa; esan behar da, 2008an eta 2011n ere sari bere jaso zuela bailarako enpresak. Lehendakariaren eskutik jaso zuen saria Kristina Elkorok.
Mondragon taldekoak
Donostiako Victoria Eugenian bailarako presentzia handia izan zen. Elayko ordezkariez gain, Mondragon taldeko hainbat kooperatibetako ordezkariak ere han izan ziren. Kooperatiba hauek jaso dute saria: urrezko Bikain ziurtagiria Berriatuako Cikautxok; eta, tarteko-maila edo zilarrezko Bikain ziurtagiria Edertek, Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, Fagor Industrial, GSR (Segura eta Markina-Xemeingo egoitzak eta Usurbil eta Zegamako zentroak), Lagun Aro Aseguruak eta Ulma CyE.
39 erakundek jaso dute saria
Bikain ziurtagiriak euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen du. Aurten 39 erakunde edo enpresak jaso dute saria; horietatik 12k goi-mailako urrezko Bikain egiaztatu dute; 20k tartekoa den zilarrezkoa; eta 7k oinarrizkoa. Aurten 138 kanpo ebaluatzaile ibili dira, eta horiek ere aitorpena jaso zuten.