Urteko azken eguna kirola eginez amaitzeko proposamenaz datoz Bergarako Hankaluze taldekoak. Hala, hilaren 31n korrikalariak San Martin plazatik abiatuko dira (11:00) eta 6,5 kilometroko lasterketa izango dute aurretik (Izenematea zabalik dago, www.kirolprobak.com webgunean).
Distantziagatik eta desnibelarengatik korrika apur bat egiten duen edonork egiteko moduko lasterketa izango da, eta hori da antolatzaileen asmoa, gainera, urtea bikain amaitzeko aitzakia izatea. Hori bai, Hankaluzekoek azpimarratu moduan, plazatik egurrean irteten denak, seguru, berotualdi polita hartuko duela.
Arrasate-Udalatx, apirilean
Hurrengo lasterketaz gozatzeko 2015eko apirilera itxaron beharko da. Hala, Arrasateko hainbat mendi lasterkarik Mondraitz izeneko kirol taldea sortu berri dute, eta hori izango da talde berri horren lehenengo erronka, Arrasate eta Udalatx artean egingo duten lasterketa antolatzea.
Lasterketa hau Bergarakoa baino zorrotzagoa izango da, Arrasateko kaleetan hasiko dute eta Monterronetik gora egin, eta Meatzerrekara jaitsi ostean, atletek Udalatxetik (1.117 metro) eta Besaidetik (564 metro) joan-etorria egingo dute, plazara itzuli arte (21km). Datorren urtean zabalduko dute izenemate epea.