Ogasun eta Finantza Sailaren aurreikuspenen arabera EAEko ekonomia % 1,7 haziko da 2015ean

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko aza. 20a, 11:38

Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailak 2014rako eta 2015erako ekonomiaren hazkunde aurreikuspenak eguneratu ditu. Azken datuen arabera EAEko ekonomia %1,0 haziko da 2014an eta %1,7ra iritsiko da 2015ean. Barne eskariari dagokionez, datozen hiruhilekoetan aldaera esanguratsua ezagutuko dela aurreikusten da, kontsumo pribatuaren eta inbertsioaren bilakaera positiboari esker.

Aurreikuspenak ez dira aldatu duela bost hilabete egin zirenen aldean. Beheranzko arriskuak munduko ekonomiaren ingurunean daude oraindik eta mehatxu kezkagarrienak Euroguneko ekonomiaren susperraldiak erakusten duen ahultasuna eta Sirian, Iraken eta Ukrainian bizi diren tentsio geopolitikoak dira. Hala, datu horiek eskuetan, Ogasun eta Finantza saila egindako txostenaren arabera EAEko ekonomia %1,0 haziko da 2014an eta %1,7ra iritsiko da 2015ean.

Barne eskaria

Familien gastua kontsumoan suspertuko da, kontsumitzaileen itxaropena hobetuko delako, konfiantza handiagoko testuinguru batean. Interes tasa apalek eta kontsumo prezioen maila txikiak horretan lagunduko dute. Lan merkatuan espero den egoera hobeak ere kontsumo pribatua areagotuko du. Beste aldetik, barne eskariaren suspertzeak, esportazioen bultzadak eta kreditu bat lortzeko baldintzak hobetu izanak kapital eraketa gordinaren hazkundea bultzatuko dute. Kanpo eskariari dagokionez, EAEko ekonomiaren hazkundeari egingo dion ekarpena positiboa izango da kontuan hartu den denboraldi osoan, baina moteltzeko joera erakutsiko du.

Esportazioek gorakada bat erakutsiko dute, Europako merkatuak sendotuko direlako eta gainontzeko merkatuek bizitasunari eutsiko diotelako. Inportazioak ere areagotuko dira, EAEko barne eskaria suspertuko den heinean. Eskaintzaren ikuspegitik, jarduera adar guztiek hazkunde erritmoa bizkortuko dute aztertu den denboraldia aurrera joango den neurrian. Izan ere, industria kanpo inguruneko bilakaeraren hobekuntzari eta barne eskariaren suspertzeari esker suspertuko da. Zerbitzuek ere bizitasuna erakutsiko dute eta hazkundea sendotuko du datozen hiruhilekoetan. Eraikuntzak, berriz, oso nabarmen leunduko du pairatzen duen narriadura eta aurreikusita dago 2015ean lehen hazkunde tasa positiboak lortuko dituela.

Langabezia tasa berriro jaitsi zen hirugarren hiruhilekoan

Urrian, euskal autonomia erkidegoko lan merkatua aztertzen duten bi inkesta nagusiak argitaratu ziren: Eustatek egiten duen BJA eta INEk osatzen duen BAI. Biak bat datoz EAEko langabezia tasa aurtengo hirugarren hiruhilekoan berriro gutxitu zela adierazteko orduan. Hain zuzen ere, bi estatistika
eragiketa horiek seinalatzen dute oraingo atzeraldiaren langabezia tasa altuena 2014ko hasieran jaso zela, eta harez geroztik hurrengo bi hiruhilekoetan tasa hori jaitsi dela. BJAren arabera, langabezia tasa %14,5era murriztu da eta BAIk, berriz, %15,2an kokatu du berez enbatespena.

Hala ere, urrian irailean baino langabetu gehiago zeuden EAEn (+ 1.285).

KPI indizeak aldakuntza tasa negatiboak atzean utzi ditu

INEk aurkeztu duen datuen arabera, KPI indizea irailean lau hamarrenetan igo zen aurreko hilekoko urte arteko datuaren aldean. Emaitza horrek amaiera ematen die kontsumoko prezioek bi hilabetez jarraian izan duten urte arteko jaitsierei. Zehazkiago adierazita, adierazle hori abuztuan jaso zuen %-0,3tik, hori izan baitzen 2009ko irailetik inoiz izan duen beherakadarik handiena, aurtengo iraileko %0,1era. Hala eta guztiz ere, indizeak gora egin duen arren, KPIak kontsumoaren eta ekonomia jardueraren ahultasuna ondo islatzen du oraindik. Inguruneko ekonomietan ere kontsumoko prezioek aldakuntza tasa txikiak jaso dituzte. Esate baterako, Estatuan batez besteko aldakuntza %-0,2 izan zen eta Eurogunean, berriz, urte arteko tasa %0,3an kokatu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak