Angelun bizi da Anuntxi Arana, eta besteak beste Baionan AEKko irakasle ibilitakoa izateaz gain, euskal mitologia ardatz hartuta, antropologian burutu ditu bere lan idatziak. Zentzu horretan, Orozko Haraneko kondaira mitikoak, doktorego tesia da bere lan nagusia. Abenduaren 6an jasoko du saria, San Agustin kulturgunean egingo den ekitaldian.
Aurtengo herrialde gonbidatua bestalde, Okzitania izango da, antolatzaileen esanetan, Euskal Herriak eta Okzitaniak elkarren arteko ezagutzan sakontzeko prestatu dute aurtengo egitaraua.
Datuei dagokienez, azaldu dute Landako erakustazokan 245 stand egongo direla denera, eta hamasei autoekoizlek ere izango dutela euren postua. 330 nobedade aurkeztuko dira 49. edizio honetan, horien artean 222 liburu eta 61 disko; eta abenduaren 5etik 8ra, 150 kultur ekitaldi egongo dira Durangon. Eskaintza zabala, beraz, euskal kulturaz janzteko.