Musikazale amorratua, pertsona eta lagun handiagoa

Iker Barandiaran 2014ko aza. 17a, 10:47

RIP taldearen itzala oso luzea da, hainbeste gaur egungo belaunaldietan ere oso presente dagoela. Baina musikaz harago eta gaurkotasun handia duten letra gordin horien atzean, pertsonak daude. Pertsonak, haragi-hezurrezkoak, beste askoren kontrara, bere kantutegiak lortutako oihartzunak ia lotsarazten dituenak.


Halakoa zen, esaterako, Jul. Eta bere heriotzak Euskal Herriko musika eszenak emandako talde apurtzaileenetako bat gogora ekartzen badigu ere, figura honetatik harago bere izaera, jarrera, apaltasuna eta laguntasuna nabarmenduko lituzke ezagutu duen edonork. Kaletarra erabat, lagunen laguna, beti irribarrea ahoan eta makuluak lagunduta, lotsa puntu hori ezabatuz, edozertara apuntatzen zena.


Oharkabean ezagutu nuen eta berehala harrapatu ninduen bere izaera hurbil eta lagunkoiak. Gogoan daukat RIPen DVD proiektuak gorputza hartu ahala pasa zituen urduritasun eta animo egoerak; ordura arte hala jaso gabeko onespenaren bertigoa. Danbaka musika lehiaketaren lau ediziotan ere ondoan izan genuen. Parte hartu zuten talde guztiekiko errespetu handiz jokatuz, bere ezagutzaz, eta batez ere, adiskidetasunaz disfrutatu ahal izan genuen musikaz gain hain gustukoen zuen giroan, mahaiaren bueltan.
Musika zale amorratua, ekimen desberdinek eskatutakoan ezetz esaten jakin ez eta RIPen kantuak jotzeko Txerra anaiarekin jotzeko batzen bazen ere, gurago zuen bestelako saltsatan ibiltzea: gitarrari sugarrak ateratzen zein aspaldian txoratuta zeukan banjoarekin The Potes taldean.


Badakigu pozik, gustukoen zenuena egiten hil zarela, Jul. Baina lagun handi bat joan zaigu eta zure makulua baino sostengu handiagoa den Txus hemen, gurekin, gelditzen da. Emaiozu inddarra!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak