Bi lantokietan, Eskoriatzan eta Arrasateko Garagartzan, 155 langile ari dira. Horretaz gain, Geyserren, beste 124. Vallant markako gas berogailuak egiten dituzte Bergarako horretan eta, asmoa da, datorren urteko martxoan, enpresa osoa eskuratzea Galagarzak, Vallanti beste erdia erosita.
Fagor berriaren gaineko zehaztasun guztiak atzo eman zituen Xabier Begoetxeak Goiena telebistako Harira saioan.
Merkatu kuota berreskuratu
Urtebeteko epean, 700 langilera heltzeko asmoa dutela baieztatu zuen Bengoetxeak. Eta, orain, lehentasuna, Fagorrek galdutako merkatu kuota berreskuratzea dela. "Espainia da gure merkatu handiena eta %12 eta %15 arteko merkatu kuota geneukan lehen Fagorrekin. Hori berreskuratzen saiatzea da erronka. Baina ez daukagu epe jakin bat hori lortzeko". Fagor eta Edesa markako produktuak salduko dituzte. Mundu mailan lehiatuko direla, baina, bereziki, Euskal Herrian eta Espainian ariko direla esan zuen.
Edesak Basaurin daukan plantaren inguruan galdetuta, zera esan zuen Bengoetxeak Goiena telebistan: "Han egiten ziren termoak egin egingo ditugu. Ikusteko dago zenbat egingo ditugun eta non egingo ditugun. Hori ez dugu erabaki oraindik. Ez dakigu Basaurin egingo ditugun ala beste nonbaiten".