"Pokerra nire bizitzaren erdia da"

Xabier Urtzelai 2014ko aza. 10a, 11:21
Andoni Larrabe, gazteago. Argazkia: Poker10.com

Oso gaztetatik hasi zen Andoni Larrabe pokerrean jokatzen, 16 urterekin –22 urte ditu egun–. Arrasatekoak Arizmendin egin zituen ikasketak, eta oso gaztetatik garbi zuen nondik bideratu gura zuen bere etorkizuna, jokalari profesional izan nahi zuen. Gurasoekin haserrealdi bat baino gehiago izan zuen horren kontura; etxean garbi zeuden baldintzak: pokerra bai, baina ikasketak ere bai. Hala, Donostian Kursaalean jokatutako txapelketa batean amak aurreratutako diruaz bigarren sailkatu ostean gauzak garbiago ikusi zituen Pollopopeye-k. 

Telebista ikusten maitemindu zen Larrabe pokerrarekin; iragarki batekin, hain zuzen ere. Orduan interesa piztu, eta Interneten fikziozko diruarekin jolasten hasi zen. Diru faltsuaren kontua azkar txiki geratu zitzaionez, baina, benetako diruarekin apustu egitea erabaki zuen. Bada, egun hartatik hona, hainbat urte pasa dira, eta dagoeneko diru kopuru polita irabazi du: Blog espezializatuen arabera 350.000 euroko irabaziekin iritsi da Main Event-eko finalera. Baina Arrasateko ezagunen esanetan, benetako kopurua hori baino handiagoa da.

Irabazitako txapelketen artean, aparteko garrantzia izan zuen 2013an Bahamas-etan irabazitakoak. 5.000 dolar ordaindu zituen txapelketan parte hartzeko, eta finalean munduko jokalari onenetakoa den Justin Bonomo izan zuen aurrez aurre. "Final hartan hiru orduz ibili ziren biak lehian, eta gehiago ez zela ikusita, Bonomok saria elkarbanatzea proposatu zion", adierazi digute Larraberen gertukoek. Orduan 218.000 dolar poltsikoratu zituen.

Galiziara, pokerrean ikastera

Baina egin dezagun atzera ostera. Adin txikikoa izanda, nagusiagoak ziren lagunekin joaten zen inguruko torneoetara, eta etxekoen baimenaz. Etxean ikasketak ez alboratzeko baldintza jarri zioten, eta selektibitatea gaindituta Larrabek pauso erabakigarria eman zuen, Galiziara joatea, poker jokalari profesionaletatik ikastera: "Bi urte inguru egingo zituen Galizian, eta ondoren Londresera joan zen bizitzera. Hala, Londresen bizi da ordutik, baina urtean egun asko egiten ditu munduan batera eta bestera, torneoetan parte hartzen.

"Jokoa gogoko izatea"

Hala, Larrabek garbi du zer behar den pokerrean aurrera egiteko. Bere kasuan, behintzat: "Jokoa gogoko izatea da oinarrizkoena, adimena eta inteligentzia ondoren datoz. Hori bai, jokoan zorteak betetzen duen papera ez da inolaz ahaztu behar". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak