Ainhoa Cantalapiedra: "Musikan jarraitzeko ausartu nintzen bakarrik lan egitera"

Ainhoa Cantalapiedra.

'Operación triunfo'-ren bigarren edizioa irabazi zuen galdakoztarrak 'Eres tú' abestia kaleratu berri du, bere laugarren diskoa izango den 'ADN'-ren aurrerapena.

1. Nori zuzenduta dago Eres tú abestia?

Ez da inor konkretua; laguntzen didan jende guztia da, musikaren mundu zailean aurrera egiteko indarra ematen didatenak. Sortzeko askatasunari ere badago eskainita, musikarekiko maitasunari. Abesti freskoa da, happy-a.

 

2. Diskoak ADN du izena; besteak baino pertsonalagoa delako?

Erakutsi nahi dut nota bakoitzean nire gorputzeko gene bakoitza jartzen dudala. Diskoaren azalak jendea aho zabalik utziko du, arropa gutxi eta letra asko dago-eta.

 

3. Crowdfunding-ik gabe posible izango litzateke disko hau?

Seguruenik ez. Nire lagun eta zaleek emandako 5.000 eurotzarrak bultzada ederra izan dira. Nire irabaziak kontzertuetatik datoz, eta, enpresa txikia naizenez, laguntza txiki bat baino gehiago dira. 

 

4. Disko honetan, ardura guztia zeure gain hartu duzu.

Aurrekoarekin ere bai: nire managerrarekin eta diskoetxearekin hautsi, eta musikan jarraitzeko ausartu nintzen bakarrik lan egitera. Akatsetatik ikasi dut, eta niretzat askoz hobea dabil izaten.

 

5. Zer gogoratzen duzu ondoen Operación triunfo-ren bigarren edizioa irabazi zenuen gauetik?

Irabaztea, nik bakarrik ez, nire zaleek ere bai! Barruan emandako hilabeteak gogorrak izan arren, alde onarekin geratzen naiz. 

 

6. Azkenaldian, nahiko kritiko izan zara saioarekin.

Kontu honetaz serio hitz egin gura dut. Gaindituta dudan arren, galdetu zidatenean nik nire egia kontatu nuen. Saioari eskerrak ematen dizkiot, baita irabazten lagundu zidaten jarraitzaileei ere; baina nire egia hor dago.

 

7. Orduz geroztik, poztasunak edo tristurak, zer izan dira gehiago?

Poztasunak, noski! Horrekin geratzen naiz ni: lorbide bat izan zen, hamabi urteren ostean musikatik bizi izatea ahalbidetu didana. Zoragarria da hori.

 

8. Goian mantenduko zintuzten zenbat gauzari esan diezu ezetz?

Larregiri! Biluzik agertzeari, jendearekin oheratzeari, interesatzen ez zaizkidan telebista saioetan agertzeari... nire etika eta moralarekin bat ez zetozen gauzei. Baina ez naiz inondik inora damutzen.

 

9. Kolaborazioetan entzun zaitugu euskaraz abesten. Entzungo dugu inoiz zure diskoetan euskarazko abestirik?

Esan egingo dut: Kepa Junkera eta biok elkarrekin zerbait egitekotan genbiltzan, eta uste dut  aurten egin ahal izango dugula.

 

10. Gaztaroan pizzeria baten egin zenuen lan. Zein da zure gustukoena?

Momentu honetan bat ere ez, dietan nago-eta! Baina bat aukeratzekotan, amarena esango dut: etxekoa eta naturala.

----------

Makila magikoa baneuka: "Politikan, lapurrei dirua itzularaziko nieke; musikan, betikoez gain, besteendako ere lekua egingo nuke"

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.