Hala, Aretxabaletari inongo meriturik kendu barik, Antzuolak merezi ditu ondorengo lerroak, aspaldi ez dugulako talde bat horren ukituta eta horren haserre, biak batera, berdegunean ikusi.
Zorroztasuna, txikiaz
Partidu aurretik Antzuolak bazekien Aretxabaletaren aurrean ezin zuela hutsik egin, dagoeneko puntu askok egin dielako ihes, eta etxean erreakzionatzeko gauza direla erakutsi gura zutelako. Bada, Muruamendiarazen mutilek hori eta gehiago erakutsi zuten, dituzten muga guztiekin –oso jokalari gutxirekin dabiltza– Valleren talde indartsua horma-kontra izan zutelako partidu ia osoan. Jontxuk egin zuen 1-0ekoa lehen zatian, –Antzuola lehenengoz aurreratzen zen ligako partidu batean–, eta Agirregabiriak txarto urrundutako baloi bat aprobetxatuta Danelek egin zuen 2-0ekoa.
Halaxe erretiratu ziren bi taldeak aldagelara, eta esanguratsua zen, oso, Aretxabaletakoen ezintasun aurpegia. Antzuolakoek, kontrara, ondo zekiten partidua ez zegoela, inondik inora, bideratuta. Gero ikusi zen moduan.
Bi jokalari, kalera
Antzuolarren arteko haserrea, baina, bigarren zatian piztu zen. Etxeko taldea txartel horiz josi zuen epaileak –asko merezita–, baina ez denak. Eta hain zuzen, partiduko bi kaleratzeak oso erabaki zorrotzen ondorioz etorri ziren. Hala, antzuolarren artean erakutsitako zorroztasun horrek piztu zituen zale eta jokalariak.
Aretxabaletak, bitartean, berera jarraitu zuen, Antzuola estutzen, eta berdegunean zuen abantaila min egiteko baliatzen. Bazirudien, baina, Unaik defendatutako atean –zelako gelditua egin zuen 2-1ekoaren aurreko jokaldian– ez zegoela zapatuan golik egiterik. Baina bai, azken minutu horietan Etxabek zulatu zuen lehenengoz Antzuolakoen atea, eta epaileak bost minutuko luzapena adierazita, eta zaleak partidua amaituta zegoela esateko txistu egiten zuten bitartean Espinosak 2-2koa egin zu@en. 95. minutu pasatxoan.
Mondraren garaipena
Aloña Mendik Irunera egin zuen bisita eta puntu bakarrarekin etorri ziren handik (0-0). Husnako emaitza bera ekarri zuen Bergarak Ordiziatik. Erregional preferentean, aldiz, Mondrak 0-2 irabazi zuen Soraluzeren aurkako lehia.