Izena emateko epea irekita dago Kameratoiaren 10. ediziorako

Ander Larrañaga 2014ko urr. 31a, 10:40
Iazko Kameratoia film laburren rally-aren irabazleak.

Hamar edizio beteko ditu aurten Euskal Herriko ikus-entzunezkoen Kameratoia rallyak eta Durangoko Azokako Irudienea ikus-entzunezkoen plazan izango da abenduaren 6tik 8ra bitartean.

Dagoeneko, izena emateko epea ireki da azaroaren 28rarte eta 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute rallyan.

Izena emateko, kameratoia.com webgunean dagoen izen-emate fitxa bete beharko da. Azpimarratzekoa da ere, izena ematen duten lehen 30 taldeek soilik izango dutela parte-hartzea bermatuta; gainontzekoak itxarote zerrendan sartuko dira.

Urtero lez, lehiaketak 48 orduko formatua mantenduko du: abenduaren 6an, parte hartzaileek aurkeztuko duten film laburren gaia eta bertan islatu beharko dituzten ezaugarrien zerrenda jasoko dituzte. Momentu horretatik aurrera, parte-hartzaileek 48 orduko epea izango dute, gehienez sei minutuko iraupena izango duen film laburra osorik osatzeko: gidoia, grabazioa eta edizio lanak denbora tarte horretan burutu beharko dituzte, beti ere eskatutako oinarriak kontuan hartuz.

Bestetik, taldeek euren ekipo propioa erabili beharko dutela aipatu behar da eta film laburretan erabilitako hizkuntza, ahozkoa zein idatzizkoa, euskara hutsean izan beharko da, derrigorrez.

Ekoizpen artistikoa helburu

Kameratoiaren helburuetako bat parte hartzaileen ekoizpen artistikoa gizarteratzea da. Horregatik, lehiaketan sortutako lanek Creative Commons Aitortu–Partekatu lizentziapean zabalduko dira. Eduki kulturalak erabiltzeko lizentzia delako horrek, copyright ezagunak ez bezala, sormen lanen zabalkundea errazten eta bermatzen du, baimena ematen baitu eduki hauek zabaldu, berrerabili eta horiek oinarri hartuta lan berriak sortzeko, beti ere jatorrizko egileak aipatuta eta eratorritako lanak baldintza berdinetan partekatuta.

Horrela izanda, abenduaren 8an, goizean, parte hartzaileek bideoak entregatuko dituzte, eta arratsaldez, ekitaldia egingo da  Irudienea ikus-entzunezkoen plazan (Durangoko Zugaza zineman). Bertan, lan guztien emanaldia eskainiko da eta epaileek aipaturiko sarien banaketari ekingo diote.

Topagunea sari berezia

Urtero eman ohi diren sariak egongo dira: 1.200, 900 eta 300 euroko sariak jasoko dituzte film labur onenen taldeek. Izan ere, aipatzeko da hamar urte ez direla egunero betetzen, horregatik, ohiko  sariez gain, aurten 500 euroko Topagunea sari berezia banatuko da Euskaltzaleen Elkarte baten izenean aurkezten diren taldeen artean,  euskara sustatzeko proiektu bati bideratzeko asmoz.

Horrez gain, saria eroaten duenaren lanak zabalkunde berezia izango du: Tokikom osatzen duten euskarazko tokiko hedabideetan zabalduko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak