Azken orduak Antxintxika krosean izena emateko

Xabier Urtzelai 2014ko urr. 31a, 09:45
Astelehenean aurkeztu zuten Antxintxika krosa.

Iritsi da Antxintxika taldeak krosaren 10. urteurrena ospatzeko eguna. Hala, domekan, 400-500 korrikalari inguru batuko dira Soraluzen, 10 kilometroko lasterketa egiteko gertu. Aste barruan 260 lagunek emana zuten izena, eta gaur da, egubakoitza, izena emateko azken eguna, www.kirolprobak.com webgunean.  

Hala, asteleheneko aurkezpenean aurreratu moduan, Antxintxika krosa Antxintxika Eguna izatera pasa da, egun osoko jaialdi bat antolatu dutelako domekarako, kirol jarduera eta Irrien Lagunekin egingo duten jaia bateratuta. 

Hala, 11:00etan irtengo dira Soraluzetik krosa gurpildun ahulkietan egingo duten parte-hartzaileak. 15 minutura, 11:15ean, irtengo dira patinatzaileak, eta 11:30ean krosa antxintxika egingo dutenak. Horiek guztiek helmuga pasatzen dutenean hasiko dira umeen lasterketak –Bergaran– 12:45 inguruan. Gaztetxoak bi taldetan banatuko dituzte. 9-10 urte bitartekoek 500 metro egingo dituzte korrika eta 11-13 urte bitartekoek 1000 metro, nagusien krosaren azken 1000 metroak, alegia.  

Segidan, familien festa 

Gaztetxoen lasterketak amaituta ekingo diote familien festari, hau da, etxekoekin korrika egiteko aukera emango dute Antxintxikakoek. Bi taldetan egingo da hori ere; 5-8 urte bitartekoek 500 metro egingo dituzte korrika; 3-5 urte bitartekoek, berriz, 200 metro.  

Arratsaldean, Dortokaren alde 

Arratsaldean jarraituko du jaiak, Irrien Lagunen eskutik. 18:00etan hasiko da jaialdia frontoian. Hala, Porrotxek eta Ane Piratak lagunduta Bergarako hainbat taldek hartuko dute parte, eta helburua Dortoka kirol egokituko taldea diruz laguntzea da: "Goizean zaletasun moduan hartuko dugu krosean parte, atsegin dugulako korrika egitea. Baina arratsaldeko jaialdian parte hartzera animatu nahi ditut herritarrak, egunerokoan zailtasunak dituzten gazteei laguntzeko da-eta".  

GOIENAk, zabal 

Talde honek zabal batuko du egunak emango duena. Besteak beste, krosa bera Goiena.eus atarian ikusi ahal izango da zuzenean, streaming bidez, eta Astelehenekoak zabal landuko du lasterketa, baita telebistak ere. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak