Zabalik, aurtengo Kameratoirako izen-ematea

Josu Basterra 2014ko urr. 30a, 16:44

Kameratoia, Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duen Euskal Herriko ikus-entzunezkoen rally-ak, 10 urte beteko ditu aurten. Horregatik, aurtengo edizioan sari berezi bat ere egongo da euskaltzaleen elkarteentzako. Lehiaketa Durangoko Azokako Irudienean egingo da, abenduaren 6tik 8ra bitartean.

Aurtengo edizioa berezia denez, Topaguneak euskaltzaleen mugimenduko kideei keinu berezia egin nahi izan die sari berezi bat eskainiz, Topagunea saria. Euskaltzaleen elkarte baten izenean aurkezten den taldeetako batek, euskara sustatzeko proiektu bat bideratzeko 500 euroko txekea jasoko du. Gainera, Topagunea sariaren irabazlearen lanak, Tokikom osatzen duten euskarazko tokiko hedabideen artean zablkunde berezia izango du

Gaurtik aurrera eta azaroaren 28 bitartean, zabalik egongo da Kameratoian parte hartzeko izen ematea. Lehen 30 taldeek soilik izango dute parte-hartzea bermatuta, eta gainontzekoak itxarote zerrendan sartuko dira. Lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute.

48 ordu

Lehiaketak 48 ordu izango ditu. Abenduaren 6an parte hartzaileek aurkeztu beharreko film laburren gaia eta bertan islatu beharko dituzten ezaugarrien zerrenda jasoko dituzte. Hortik aurrera, sei minutuko ikus-entzunezkoa entregatzeko 48 ordu izango dituzte. Talde bakoitzak bere ekipoa erabili beharko du eta aurkeztutako lana euskara hutsean egon beharko da.

Abenduaren 8an bideoak entregatu ondoren, Durangoko Zugaza zinema aretoan gala egingo da. Bertan lan guztiak erakutsiko dira eta epaileek sari banaketa egingo dute. Lehen saria, 1.200 eurokoa izango da; bigarrena, 900 eurokoa eta hirugarren saria eskuratzen duen taldeak, 600 euroko txekea jasoko du. Kameratoiaren helburuetako bat parte hartzaileen ekoizpen artistikoa gizarteratzea da. Horretarako, lan guztiak Creative Commons Aitortu-Partekatu lizentziapean zabalduko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak