Etapa oso ezberdinean daude bi taldeak, eta nabari izan da hori, gaur, Ipintzan jokatutako derbian. Arrasateko talde maila gogorragoan jokatzetik dator, eta eskarmentu handiagoa duten jokalariak ditu. Bergarak, berriz, talde oso gaztea du; gehiengoak gazte mailako jokalariak dira.
Derbia 0-3 emaitzaren amaitu da. Arrasatearrek lehenengo minutuan egin dute aurreneko gola; Ane Arregik egin du. Bigarrena 20. minutuan etorri da, eta Eider Zeziagak egin du. Atsedenaren ostean egin du hirugarrena Lide Zubiagak.
Etxeko taldea saiatu da jokoa egiten, eta birritan jo du Arrasatearren ateko zutoina, baina golik lortu gabe. "Taldea, gaurkoan, gazte mailako bederatzi jokalarirekin eta kadete mailako hirurekin osatu dugu", azaldu du Bergarako entrenatzaile Gotzon Odriozolak. "Jokalari oso gazteak dira. Helburua, denboraldi honetan, ikastea da eta futbolarekin gozatzea. Gol aukerak sortu ditugu, baina arrasatearrak gu baino hobeak dira".
Arrasatearrak gustura
Txanponaren beste aldean da iaz maila galdutako Mondra taldea. "Ondo hasi dugu norgehiagoka", azaldu du Andoni Ezkurra entrenatzaileak. "Gero, golak sartu ditugu, eta nire iritziz taldea gehiegi lasaitu da. Askotan egiten dugu hori".
Aurrekoa denboraldi gogorra izan zen Mondra taldearendako. Txapelketako partida guztiak galdu zituzten baita maila galdu ere. "Urte gogorra izan zen, baina baita aberasgarria ere. Asko ikasi genuen, eta jokalariak gogortzeko balio izan zuen. Aurten, bi maila beherago gaude eta ziklo berri baten hasieran. Partiduz partidu goaz, eta momentuz bi garaipen, bi porrot eta berdinketa bat egin ditugu. Nondik gatozen kontuan hartuta pozik gaude emaitza horiekin eta futbolarekin gozatzen ikusten ditut neskak".