Mondrak hiru gol egin dizkio Bergarari, Ipintzan

Larraitz Zeberio Lekuona 2014ko urr. 26a, 15:55
Mondrako jokalaria baloiaren jabe eta Bergarako bi jokalarirengandik babesten.

Jokalari oso gazteak dituzte Bergaran, eta Mondran eskarmentu handiagokoak.

Etapa oso ezberdinean daude bi taldeak, eta nabari izan da hori, gaur, Ipintzan jokatutako derbian. Arrasateko talde maila gogorragoan jokatzetik dator, eta eskarmentu handiagoa duten jokalariak ditu. Bergarak, berriz, talde oso gaztea du; gehiengoak gazte mailako jokalariak dira.

Derbia 0-3 emaitzaren amaitu da. Arrasatearrek lehenengo minutuan egin dute aurreneko gola; Ane Arregik egin du. Bigarrena 20. minutuan etorri da, eta Eider Zeziagak egin du. Atsedenaren ostean egin du hirugarrena Lide Zubiagak.

Etxeko taldea saiatu da jokoa egiten, eta birritan jo du Arrasatearren ateko zutoina, baina golik lortu gabe. "Taldea, gaurkoan, gazte mailako bederatzi jokalarirekin eta kadete mailako hirurekin osatu dugu", azaldu du Bergarako entrenatzaile Gotzon Odriozolak. "Jokalari oso gazteak dira. Helburua, denboraldi honetan, ikastea da eta futbolarekin gozatzea. Gol aukerak sortu ditugu, baina arrasatearrak gu baino hobeak dira".

Arrasatearrak gustura

Txanponaren beste aldean da iaz maila galdutako Mondra taldea. "Ondo hasi dugu norgehiagoka", azaldu du Andoni Ezkurra entrenatzaileak. "Gero, golak sartu ditugu, eta nire iritziz taldea gehiegi lasaitu da. Askotan egiten dugu hori".

Aurrekoa denboraldi gogorra izan zen Mondra taldearendako. Txapelketako partida guztiak galdu zituzten baita maila galdu ere. "Urte gogorra izan zen, baina baita aberasgarria ere. Asko ikasi genuen, eta jokalariak gogortzeko balio izan zuen. Aurten, bi maila beherago gaude eta ziklo berri baten hasieran. Partiduz partidu goaz, eta momentuz bi garaipen, bi porrot eta berdinketa bat egin ditugu. Nondik gatozen kontuan hartuta pozik gaude emaitza horiekin eta futbolarekin gozatzen ikusten ditut neskak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak