Polita da Oñati eta eguraldiak laguntzen duenean, zer esanik ez! Gaur goizean, Gipuzkoako erretiratuen XXIV. Ibilaldia egin dute bertan, eta amaieran gustura agertu dira bai parte-hartzaileak bai antolatzaileak. "Oso ibilbide polita izan da, zoragarria!", zioen Idiazabaletik etorritako bikote batek.
Elastiko laranja soinean, 600 bat lagun abiatu dira Foruen plazatik, 11:30ak aldera. Atzerapenarekin eman diote hasiera ibilaldiari, eta ondorioz apur bat atzeratu da amaiera, baina inork gutxik zuen kexarik. Ibilbideari hasiera emateko ekitaldian izan dira Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Martin Garitano eta Oñatiko alkate Mikel Biain.
Oinez, bederatzi kilometro
Erretiratuek oinez egin dituzte ibilbideko bederatzi kilometroak. Lau laguneko taldetan banatuta egitekoa zen ibilbideko hiru kontrol guneetako zigiluak jaso, eta bueltan plazara itzultzea. "Antolatzaileak oso ondo aritu dira", zioen Pasai San Pedrotik etorritako talde batek. "Herriko erdigunea ikusi dugu, baita zenbait auzo ere. Ibilbidea ohikoa baino apur bat luzeagoa izan da, baina pena merezi izan du".
Sasoi onean daude Gipuzkoako erretiratuak. Bederatzi kilometroko ibilbidea egin ostean denek eskertu dute gerizpetan lasai esertzea, baina laster indarberritu dira gehienak kiroldegiko bazkarirako, eta ondorengo dantzaldirako.
Bi lagun artatu behar izan dituzte ibilbidean; bata zorabio txiki batengatik, eta bestea erorketa batengatik.