Hastera doa ikuskizuna, gertu dago EBAn lehiatuko den MU taldea

Xabier Urtzelai 2014ko urr. 17a, 06:00
MUko hainbat jokalari, serio, aste barruan Iturripen. Aurten ez dago bromarik.

Gertu daude, eta hasteko irrikan. Arrasateko harrobiak aspaldian eman duen jokalari-uzta onena EBA kategorian lehiatuko da, lehenengoz (Valladoliden, zapatuan, 20:30ean). Denak ez dira berriak kategoria horretan, Kintana, Zeziaga, Barberena, Saez de Cortazar... Horien ardura izango da esperientziaz jokatzea, eta besteen ekarpena etorriko da freskotasunetik eta ilusiotik (Taldekideen aurkezpena banan-banan papereko GOIENAn, gaur).

Inoiz baino aurre-denboraldi luzeagoa egin eta gero bihar hasiko dute liga, Valladolideko Unibertsitatearen kontra: "Ez da liga hasteko kontrariorik onena, talde gogorra delako, baina lehiatzera joango gara", adierazi du aste barruan Josu Larreategik.  

Valladolidek, berez, Zilarrezko LEB mailara igotzeko txartela lortu zuen denboraldi amaieran: "Baina ez zuten gora igotzeko dirua jarri eta EBAn jarraituko dute. Hala, ligako talde gogorrenetakoa izango da".

MUko jokalari, entrenatzaile eta laguntzaileak, aste barruan, Iturripen.

Etxean indartsu izatea 

Kanpoko partiduetan ahalik eta etekin handiena lortzen ahaleginduko dira zuri-moreak, jakinda, Iturripeko puntuak direla garrantzitsuak: "Oraindik gogoan dut talde honekin egindako lehen urtean zenbat kostatzen zitzaigun partidu bat irabaztea. Orain gauza bera gertatuko da, partidu osoan zehar egin beharko dugu lan ondo puntuak eskuratzeko, eta bai, kanpoan irabaztea zaila izango da, horrenbestez, etxean izan behar dugu indartsu".  

Horretarako taldeak hainbat erronka gainditu beharko ditu liga hasieran, Barberena moduko jokalarien hutsunea –lesionatuta dago, adibidez. Baina hutsune horien gainetik talde lanean oinarrituko da aurtengo denboraldia, eta igoera fasean moduan, Iturripeko zaleen esku egongo da arrakastaren gako handia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak