Kartel bizi-bizi eta deigarria aurten Durangoko 'kulturaren plazarako'

Jon Berezibar 2014ko urr. 15a, 15:49
Marta Cardenas, kartela parean duela, Durangoko San Agustin kulturgunean.

Eskuz idatziko letra sendoek eta fondoko kolore hori bizi-biziak iragarriko dute Durangoko Azokaren 49. edizioa. Gaur aurkeztuko dute Durango abendu hasieran "kulturaren plaza" bihurtuko duen azokaren irudia. Marta Cardenas artista donostiarrarena da lana. Gerediaga Elkarteari dagokionez, lanean buru-belarri dihardute hilabete pasatxoan jada guztia prest izateko. Gutxi aurreratu dute baina, esan dutenez, erakusmahaien eskari kopurua handitu egin da aurten eta guneetako egitarau asko "berehala" bete dira.

Azken edizioetan Itziar Okariz ala Nestor Basterretxeren obrekin bezala, aurten ere euskal artista plastiko baten lanak jarriko dio irudia Durangoko Azokari. Aurtengoa, hori eta beltz koloreko kartel bizi eta deigarriak aurkeztuko du eta artistaren beraren lan-koaderno batetik ateratako lana da, hain zuzen. Marta Cardenas (Donostia, 1944) egileak gaur bertan Durangon egindako prentsaurrekoan azaldu du kartelaren "argitasuna" dela nabarmengarria, eta horretxegatik aukeratu duela kolore hori bizi-bizi hori.

Azokari dagokionez, "kulturaren plaza handi" bezala aurkeztu du beste behin ere Nerea Muxika, Gerediaga elkarte antolatzaileko presidenteak. "Oraindik lanean" dihardutela-eta, datu gutxi aurreratu badituzte ere, Muxikak azaldu duenez ikasleen egunerako eskariek eta, baita, erakusmahaietarako egindakoek, gora egin dute eta, gainera, guneetako egitarau asko berehala bete egin direla azpimarratu du. Antolakuntzatik, belaunaldi berriak, sortzaileak eta bisitariak erakarri gura dituzte eta helburu horrekin dabiltza buru belarri lanean 49. ediziorako.

Durangoko 49. Azoka, kartela.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak