Itziar Aizpuru: "Egia izango da pinpirina naizela, denek esaten didate-eta!"

Txomin Madina Milikua 2014ko urr. 16a, 00:00

Itziar Aizpuru.

'80 egunean'-en ostean, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak berriz ere paper nabarmena eman diote 'Loreak' pelikulan duela 74 urte Getarian jaiotako aktoreari.

1. Loreak-en estreinaldian, benetan hunkituta ikusi zintugun...

Ez da gutxiagorako! Hegazka sentitu nintzen, laino batean: alfonbra gorria, txaloak... Ez nuen sekula pentsatuko dudan adinarekin horrela ibiltzea!

 

2. Pelikularen gidoia irakurri zenuen lehen aldian, zein izan zen zure erreakzioa?

Irakurtzen eta sakontzen hasten naizenean, paper guztiak iruditzen zaizkit onak, eta baita hau ere. Interesgarria eta sakona iruditu zitzaidan; dena eman behar nuela. 

 

3. Gidoia irakurtzetik pelikula ikustera alde handia nabaritu duzu?

Guk gure pertsonaia ikasten dugu, eta bukaera arte ez dugu jakiten gidoia osotasunean nondik nora doan. Pelikula ikusita ulertzen ditugu gauza asko. 

 

4. Esan daiteke Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren aktore fetitxe bihurtu zarela.

Hurrengoa lehenbailehen egiteko esaten diet, ea hartzen nauten! Eskerrak eman behar dizkiet: lehen aldian, bi hasiberri hartzean, oso ausartak izan ziren. Jatorrak dira oso; niretzako, nire semeak moduan! 

 

5. 80 egunean-en, aurretik ia jorratu gabeko gaia jorratu zenuten.

Esperientzia ona izan zen. Paper bat hartzean, ez duzu pentsatzen  jendeak zer pentsatuko duen. Jendeak esaten zidan: "Lesbiana da!". Eta nik: "Eta? Lan bat da". Naturaltasunez eroan genuen.

 

6. 20 urterekin hasi zinen antzerkian. Nola hartu zuten ingurukoek?

Apur bat harritu ziren. Getariako Txeru taldean hasi nintzen, eta euskaraz antzezten genuen. Itziartxo izan zen egin genuen lehen obra, eta ni nintzen protagonista. Gero, ezkondu egin nintzen, familia izan... Alde batera utzi nuen.

 

7. Eta zerk bultzatu zintuen, 30 urteko etenaren ostean, berriz ere antzezten hastera?

Nik ere ez dakit... Denda bat neukan, Goenkale hasita zegoen, eta neure buruari esan nion: "Egongo nintzateke hor!". ETBra deitu nuen nire burua eskaintzeko, eta, proba batzuk egin ostean, deitu egin zidaten. 

 

8. Txoritxo batek esan digunez, nahiko pinpirina zara. Egia?

Egia izango da, guztiek berdina esaten didate-eta! Ondo joatea gustatzen zait, eta nire poltsan ezpainetakorik ez da falta izango: hiruzpalau eroaten ditut.

 

9. Antzezteaz gain, abestu ere egiten duzu.

Asko gustatzen zait: Zarauzko parrokiako koruan nago, baita Getariako abesbatzan ere. Abesti bat ondo irtetean, gustura geratzen zara.

 

10. Nork oparitu dizu azken lore sorta?

Oso lore sorta ederra oparitu zidaten, tarjeta eta guzti, Aizpuru familiako lehengusuek; Zinemaldia bukatzean bidali zidaten. Eta sekulako ilusioa egin zidan.

----------

Makila magikoa baneuka: "Pertsona bakoitzari makila bat emango nioke, modu horretan, norberak gura duena lortu ahal izateko"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak