Derion ospatu dute euskaltzaleek hirugarren Topa Eguna

Miren Arregi Amasorrain 2014ko urr. 11a, 20:16

Derioko Tximintx euskara elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, "auzolana, trukea eta ospakizuna" izan ditu ardatz aurtengo edizioak. Debagoieneko ordezkaritza ere izan da bertan, hala nola, AED, Txatxilipurdi, Jardun, Tokikom eta Goiena.

Ehunka euskaltzale batu dira gaur Derion, herriko Tximintx euskara elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Topa Egunean. Hirugarren edizioa izan du gaur euskaltzaleen mugimenduak antolatzen duen festak eta urtero moduan, ospakizuna eta esperientzien trukatzea uztartu ditu egunak.

Ein daigun topa euskaltzaleon alde! lelopean egin dute festa eta "euskaraz bizi gura duen komunitatearen garapenerako euskaltzaleen ekarpena inoiz baino beharrezkoagoa" dela esan dute Topaguneko ordezkariek, "euskararen normalizazioan gizarte mugimenduaren momentua" dela azpimarratuz.

Euskaltzaleen ametsak, etorkizunera begira

Ametsekin ekin diote egunari euskaltzaleek, 15 urte barruko euskararen egoeraren inguruko hitzak ereiten, hain zuzen. Euskara elkarte desberdinetako kideek 15 urte barru euskararen egoera euren herrietan nolakoa izango den irudikatu eta lurpean gorde dituzte ametsok, 2029 urtean ereindakoaren fruituak jasotzeko asmoarekin.

Esperientziak eta jaia

Esperientzien elkartrukea eta jaia uztartu dira goiz guztian zehar. Bederatzi egitasmoren aurkezpena egin dute euskara elkarteetako ordezkariek eta askotarikoak izan dira bertaratutakoek ezagutu dituzten esperientziak; kultur egitasmoak, aisialdi arlokoak, familia transmisiokoak edo hedabideen arlokoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak