Mondragon Korporazioak azaroan egingo du Kooperatiba Kongresua

Mondragon Korporazioaren Batzorde Iraunkorrak azaroko bigarren hamabostaldian deituko du Kooperatiba Kongresua eta orduan adostu eta onartuko ditu datozen urteetarako Mondragoeko kooperatiba taldeen lan ildoak. Era berean, ildo horiek aurrera eroateko gidaritza izango duen taldeko presidentea ere aukeratuko du.

Azkeneko hilabeteotan hausnarketa prozesuan jardun dute Mondragon Taldean. Bereziki, Mondragoneko Batzorde Iraunkorrak otsailean izendatu zuen Batzorde Kudeatzailea aritu da zeregin horretan. Korporazioko iturriek adierazi dutenez, Fagor Etxetresnen itxierak eragindako "shock" hori gainditu, hark eragindako ondorioei aurre egin eta aurrera begirako lan ildoak hausnartzen eman dituzten azken hilabeteak. Eta horiek guztiak eroan nahi dituzte azaro amaieran egingo den Kooperatiben Kongresura.

Lau hautagai

Gogoan izan behar da Batzorde Kudeatzailea lau kidek osatzen dutela gaur egun eta horien artetik aterako dela Mondragon Korporazioa hurrengo urteotan gidatuko duen pertsonaren izena. Fagor Etxetresnen itxierak taldean sortutako lurrikararen eta Txema Gisasolak dimisioa eman ondoren, buru bakar barik jarraitu du lanean Mondragon Taldeak. Honako hauek dira Batzorde Kudeatzaileko lauak: Mondragoneko Finantza Arloko Txomin Garcia, Banaketa Arloko Agustin Markaide, eta Korporazioko Industria Arloko Xabier Mutuberria eta Javier Sotil lehendakariordea.

Korporaziotik adierazi dutenez, Batzorde Kudeatzailearen bitartez Korporazioaren zerbitzuen funtzionamendu operatiboa bermatu dute, Kontseilu Orokorreko lehendakari berria izendatu arte.

Kooperatiben ildoak osatuko duten jarduera esparrua azaroko Kongresuan aurkeztuko dute. Diagnostikoa eta hausnarketaren ildo nagusiak aurkezteko arduraduna Kontseilu Orokorreko lehendakari berria izango da. Hausnarketari 2015ean egingo den Kongresu batean emango zaio amaiera, eta bertan onartuko dira talde kooperatiboaren funtsezko alderdiak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.