Auzolana eta euskaltzaleon mugimendua ospatuko du zapatuan Topaguneak Derion

Irati Goitia 2014ko urr. 7a, 09:40

Ein daigun topa! lelopean ospatuko dute aurtengo TopaEguna zapatuan, Derion. Euskaltzaleen jaia izango da eta leloak dioen bezala, euskaltzaleon, auzolanaren eta mugimenduaren alde topa egiteko jaia eta truke-eguna izango da. Autobusak antolatu dituzte gureko euskara elkarteek. 08:45ean irtengo da Aretxabaletatik, 09:00etan Arrasatetik eta 09:15ean Bergaratik.

Esperientziak konpartitzeko eta hartu-emanerako aprobetxatuko dute euskara elkarteek. Hala dio AEDko dinamizatzailea den Itxaro Artolak: "Elkar ezagutzeko eta esperientziak trukatzeko balioko digu". Hain zuzen, esperientzien trukagunea antolatu dute egunerako. Artolak adierazi du egitaraua "interesgarria eta berezia" dela. Euskaltzaleen Topaguneaz gain, Derioko Tximitx elkartea eta Bizkaiko hainbat euskaltzale elkarte aritu dira aurtengo antolakuntza lanetan.

Ekitaldi ugari

Urriaren 11ko hitzordua ekitaldi berezi batekin abiatuko dute; Berbak erein izeneko ekitaldiaz, hain zuzen ere. Hamabost urte barruko Euskal Herri euskalduna irudikatuko dute eta ametsak ereingo dituzte. Horiek 2029an jasoko dira, eta, uzta biltzean, ametsak zenbateraino bete diren ikusi ahal izango dute. Ekitaldi horretaz gain, asko dira egunerako antolatutako ekintzak: kale animazioa, txango gidatua, batukada, kilikiak, bazkaria, Irrien Lagunak, puzgarriak... Ekitaldi nagusia 18:00etan izango da, Derioko pilotalekuan.

Bertara joateko autobusak

Bailaratik autobusa egongo da TopaEgunera joateko. 08:45ean irtengo da Aretxabaletatik, 09:00etan Arrasatetik eta 09:15ean Bergaratik. Interesatuek herri horietako euskara elkarteetara joan behar dute eguaztena baino lehen txartela erostera (zortzi euro da; ikasleentzat eta langabetuentzat,
sei euro). Bestalde, Derion egingo den bazkarirako erreserba ere toki beretan egin behar da (menua 16 euro da; umeek, 10). Artolak euskaltzale guztiei egin die Deriora joateko gonbita, bereziki, euskara elkarteetako bazkide direnei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak