1. 13 balas izeneko lana grabatzen ari zarete. Noren kontrako balak?
Positiboak izango gara honetan eta inoren kontrakoak baino gehiago, geureen aldekoak dira: geure irribarreen aldekoak, geure borrokan eta geure bidean diharduten guztien aldekoak.
2. Zergatik tronboia, gitarra, bateria edo pianoa hor daudenean?
Txikitan, irizpide handirik gabe, asko gustatzen zitzaidan tronboia, gora eta behera mugitzen zelako. Orain, erabat pozik nago nire instrumentuarekin, maitasun handia diot. Gitarrarekin, bateriarekin eta pianoarekin ere aritzen naiz, baina ez era profesionalean.
3. Zertan nabari duzu taldekideen artean gazteena zarela?
Gazteena adin aldetik naiz, baina gero badago taldean gazteagoa denik. Ni hasiberria naiz: eurek urte asko daramate, asko dakite eta ni ikasten saiatzen naiz.
4. Zer egin zenuen izan duzun udako gaurik luzeenean?
18 urtetik gorakoendakoak dira horiek, eta, hortaz, ez dakit elkarrizketa honetan horrelakoek lekurik duten...
5. Zale batek esandako zerk gorritu zaitu gehien?
Esandakoek baino gehiago, egindakoek: hor egotea asko baloratzen da. Abestiren bat idazteagatik jasotako esker mezuak oso handiak dira; eskertzen dira, norberaren lana baloratzen dute.
6. Kontzertuetan txora-txora eginda izaten dituzu zaleak. Zer ematen diezu?
Dena: agertokian, era metaforikoan, biluztu egiten gara eta dena ematen dugu. Eurek ere horrela sentitzea eta gure sentipenekin bat egitea gauza handia da. Elkartrukea da: guk eurei ematen diegu, eta eurek guri.
7. Miresten duzun zein musikariren aurrean jotzea gustatuko litzaizuke?
Sting asko miresten dut, baina ez dakit haren aurrean jotzea egokiena izango litzatekeen, barre egingo luke-eta!
8. Zeintzuk dira zure bertute eta akats handienak?
Bertutea, nire ustez, insistentzia: zerbait nahi badut, lortzeko borroka egiten dut... Akatsak asko ditut, gehiegi, gauza onerako!
9. Artista eta maniak eskutik ei doaz sarri. Zuk zeuk, aitortzeko ezer?
Mania handirik ez, baina, adibidez, asko kostatzen zait tronboia eskularru barik jotzea. Eskularru batekin jotzen dut beti, eta, hori ez badut, urduri jartzen naiz.
10. Musikak bizibide moduan kale egiten badu, zer?
Irakaskuntza. Nafarroako Unibertsitate Publikoan Irakasle ikasketak egin nituen; asko gustatzen zait, eta ahal dudan neurrian banabil horretan. Gustura, gainera, bide polita da.
----------
Makila magikoa baneuka: "Baten bati sekulakoa emango nioke buruan, espabilatzeko; lortuko balu, ez litzateke txarra izango munduarentzat".