Leihoen ordezkapena
Leihoen renove planari dagokionez, ohiko etxebizitzetan leihoen ordezkapena sustatu nahi dute, isolamendu hobea ematen duten leihoen erabilera bultzatuz. Hartara, berokuntzan energia aurreztea lortuko da. Leihoak ordezkatzeko egiten den inbertsioaren % 22 da EEEk ematen duen gehieneko diru-laguntza. Inbertsio horren barruan sartzen dira: markoak, beirak, pertsiana-kutxak, eta arotzeriari lotutako kostuak. Etxebizitza eta onuradun bakoitzeko ematen duen gehienezko diru-laguntza 1.000 eurokoa da, eta ezin da gainditu inola ere kantitate hori.
Energiaren Euskal Erakundearen ustetan aurtengo leihoen renove planari esker, 2.000 etxebizitzen energia eraginkortasuna hobetuko da.
Etxetresna elektrikoak
Linea zuriko etxetresnen ordezkapena sustatu nahi da; zehazki, A++ edo A+++ energia-kalifikazioa edo energia-eraginkortasun handiagoa duten hozkailuak, izozkailuak, garbigailuak eta ontzi-garbigailuak erosteko diru-laguntza emango da. Etxeetan erabiltzen diren etxetresna elektrikoen energia eraginkortasuna hobetu nahi da, etxetresna zaharren ordez, energia gutxiago kontsumitzen duten tresnen erabilera sustatuz. Kasu honetan, etxetresna erosten den saltokian bertan eta erosketa unean bideratuko da diru-laguntza. Gailuaren araberako laguntzak izango dira: 125 euro edo 105 eurokoak, hain zuzen.