Arizmendik 0 eta 3 irabazi dio Bergarari Agorrosinen

Julen Iriondo 2014ko urr. 4a, 18:51

Maila altuagoko taldea eta zailduagoa dela erakutsi dute Aretxabaletakoek. Ane Vicenteren, Paula Montianoren eta Ane Gartziaren golekin irabazi dute derbia. Jokoaren alor guztietan nagusitu dira kanpokoak, gol gehiago egiteko aukerekin.

Bergararrak saiatu ziren, baina ezer ezin izan zuten egin Arizmendikoen nagusigoaren aurrean. Markagailua azken minutuetara arte hautsi ez zen arren, kanpokoek ez zuten garaipena behin ere arriskuan izan, zelai erditik atzera estutasun askorik gabe ibili ziren-eta.

Partidua hasi eta lasterrera egin zuen Arizmendik aurreneko gola, Ane Vicenteren bitartez: "Agian pentsatu dugu lasai irabaziko genuela, gainera Bergarak aurreko astean 12 eta 0 galdu eta gero", zioen amaieran Aretxabaletakoen entrenatzaile Aritz Elortzak. Eta ez, ez zuten halako gol alde handiarekin irabazi, baina Elortzak berak onartzen zuen partidua "uneoro" izan zutela dominatuta: "Zapore gazi-gozo horrekin geratu naiz; aukera asko egin ditugula, beste sei edo zazpi gol egiteko adina".

Eta hala da; ze kanpokoen nagusigoa nagusigo, atsedenaldira 1 eta 0 iritsi zen partidua. Arizmendiko neskek erakutsi zuten bergararren aldean urteak daramatzatela elkarrekin talde gisa jokatzen, zelaian ondo kokatuta eta batzuk besteekin ongi konbinatuz: bat-bikoak, pase sakonak... Baloiaren gidaritzan ere teknikoki maila hobea erakutsi zuten Elortzaren neskek.

Hala izatea, normala, dena den; izan ere, zenbait urtez herrian senior mailako nesken talderik gabe egon eta gero, aurten atera dute berriz ere, eta oso gazteak dira Gotzon Odriozola mahoneroen entrenatzaileak bere esanetara dituenak: talde erdia gazte mailako adinekoak, eta beste lau jokalari 20 urtez azpikoak; "disfrutatzea" dute, nola ez, aurtengorako helburu.

Paula Montianok egin zuen Arizmendikoentzat 0 eta 2koa, eta kanpokoen hirugarren gola azken minutuetan iritsi zen: Ane Gartziak egin zuen.

Honenbestez, aurreko astean ligako aurreneko jardunaldian galduta –epailearekin oso haserre bukatuz, gainera; Agorrosinen aulkitxotik kanpora egon behar izan zuen entrenatzaileak, Ilintxaren kontra kanporatua izan eta gero–, lehen hiru puntuak batu zituen Arizmendik zapatuan. Azken urteetan Euskal Ligarako igoera fasea jokatu dute, eta ikusi egin behar aurten ere posible den; lehia horretan egon nahi lukete, behintzat, Aretxabaletakoek, nahiz eta onartu iaz baino maila apalagoko taldea dutela, izandako bost bajen ondorioz.

Bergarak, berriz, ikasten joatea eta kategoriara egokitzea izango du egiteko. Datorren astean berriz ere etxean ariko dira, Eibarren kontra. Eta beste derbi interesgarri bat ekarriko digu jardunaldi berriak: Arizmendi-Mondra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak