'Topatu.info'-ren "epaiketa politikoa" salatu du Debagoieneko Sortuk

Ernai erakundearen iazko jaialdi baten irudiak zabaltzeagatik terrorismoa goratzea leporatuta Topatu.info webguneko 3 kazetarik Espainiako Auzitegi Nazionalera joan beharko dute deklaratzera martitzenean. Horietako bat da Iraitz Salegi kazetari bergararra. Harekin eta gainontzeko inputatuekin elkartasunean eta "epaiketa politikoak" salatzeko mezua zabaldu du Debagoieneko Sortuk.

Ohar baten eskaera zehatzak egiten dizkie alderdi politikoei Debagoieneko Sortuk, zehazki, EAJri eta PP eta PSOEri. Jeltzaleei "Madrilgo Gobernuaren kolpe errepresiboen aurrean planto" egiteko eskatzen die Sortuk  eta Loiolako gertaerak gogora ekarriz, ez dezala Ertzaintza erabili "lege injustuak" betearazteko. PP eta PSOE alderdiak, ostera, "Euskal Herrian konpondbide prozesuaren aurka" dihardutela salatzen da oharrean.

Topatu.info hedabideari dagokionez Sortuk nabarmendu du "kazetaritza alternatiboa" egiten duen webgunea dela, "milaka jarraitzaile dituena", eta "prensta eta adierazpen askatasunaren adibidea" dela.

Elkartasunarekin nahikoa ez eta debagoiendarrak mobilizazioetara deitu ditu Debagoieneko Sortuk. 

 


 

Debagoieneko Sorturen oharra, osorik:

 

KONPONBIDE GARAIA DA. EPAIKETA POLITIKORIK EZ!

Euskal Herrian gatazka politikoa konpontzeko urratsak ematen ari garen bitartean, Madrilek betiko lepotik du burua: dispertsioari eusten dio, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea ukatzen du eta epaiketa politikoen sokak ez du etenik. Alderdi politikoak, komunikabideak ( Egunkaria, Egin, Ardi Beltza), gazte mugimendua (Jarrai, Haika, Segi), eragile sozialak (Askapena) egon dira eta daude Madrilen jo puntuan. Ehunka dira Madrilen epaituak izaten diren pertsonak, ideia politikoak epaitzen dituen estatua estatu faxista dela deritzogu.

Azken adibidea Topatu.info webgunearen aurka hasitako sorgin ehiza dugu, bertako 3 kazetarik, tartean Iraitz Salegi bergararrak, datorren asteartean Madrileko Audientzia Nazionalera joan beharko dute deklaratzera, “Terrorismoari gorazarre” egitearen akusaziopean, Gazte Danbada jaialdiaren berri ematearren.

Topatu.Info gazte mugimenduak sortutako webgunea da, kazetaritza alternatiboa egiten duen gunea, euskal gazteen artean milaka jarraitzaile dituena, hamaika sari jaso dituena eta komunikabide ofizialek ematen ez duten informazioa kaleratzen laguntzen duena: eragile sozialen ahotsa, mobilizazio eta harresien bozgorailua,… Sorturen ustez, Topatu.info prentsa eta adierazpen askatasunaren adibide da eta bere aurkako auzi honekin oinarrizkoa den adierazpen askatasunaren aurka egiten du Madrilgo gobernuak.

Topatu.infori, auziperatutako 3 kazetariei eta bereziki Iraitz Salegi bergararrari gure elkartasun eta babes osoa adierazi nahi diegu. Zuekin gaude!

Baina elkartasuna ez da nahikoa, epaiketa politikoekin amaitzeko konpromisoa behar da. Guk argi daukagu zeintzuk diren Euskal Herrian konponbide prozesuaren aurka ari direnak, Madril eta Paris, nagusiki PPren Gobernua eta beti alboan duen PSOE. Gure aburuz, epaiketa politikoekin amaitu eta Euskal Herrian konponbide prozesuan aurrera egiteko Euskal Herritar guztien konpromisoa da beharrezkoa. Zentzu honetan, mobilizazioa ezinbestekoa da, horregatik antolatzen diren mobilizazio guztietan egongo gara eta iruditzen zaigu mobilizazio hauek herri mobilizazio bilakatu behar direla, ideologia, jatorri eta pentsaera ezberdinak batuko dituena. Bestetik, lege injustuen aurrean, desobedientzia zibil baketsuaren aldeko gure apustua berresten dugu.

Hartara EAJri eskatzen diogu Madrilgo Gobernuaren kolpe errepresiboen aurrean  planto egiteko eta ez dezala Ertzantza erabili lege injustuak betetzeko, bakearen alde lanean ari diren herritarrak Loiolan bezala kolpatzeko eta kartzelaratzeko. PNV eta Ertzantzaren jarrera aldatzen bada, gure babes osoa izango dute.

Konponbide prozesuaren alde eta epaiketa politikoen aurka mobilizatzeko deialdia egiten diegu debagoiendarrei. Gatazkatik konponbidera daraman zubia elkarrekin eraiki dezagun!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.