Bihar hasiko da Organo Erromantikoaren XV. zikloa

Maialen Torres 2014ko urr. 3a, 10:34
Ana Belen Garcia organo-jotzailea

Zapatuan ekingo diote Organo Erromantikoaren XV. zikloari Bergaran. Egitaraua inauguratzeko, Pier Paul Berzaiz zuberotarraren ahotsak eta Joxan Goikoetxearen akordeoi doinuek osatuko dute Ana Belen Garcia organo-jotzailearen emanaldia.

Edurne Korta Bergarako Kultura teknikariak esan du irekiera kontzertua "berezia" izango dela, eta hiru artisten doinuak "ondo uztartuko" direla.

Berzaizek zuberotar kantagintza tradizional baina garaikidea landu ohi du sentiberatasun handiz, eta Goikoetxeak ere badu halako berrikuntzarako grina. Biak ere, zalantzarik gabe, gustura arituko dira Garciaren organoaren doinuan.

Azken urteetan bezala, Santa Marina parrokian izango dira kontzertuak, 20:00etan, San Pedroko organoa erabiltzeko baimenik ez baitute lortu antolatzaileek. Izan ere, San Pedro parrokian konponketa lanak iaz amaitu zituzten arren, organoa oraindik "egoera larrian" dago, Kortak azaldu duenez. Edonola ere, Santa Marinakoak zikloan parte hartzeko baldintzak betetzen dituela ziurtatu du Kortak.

Hurrengo emanaldia hilaren 11n izango da eta Franz Hauk alemaniarra arituko da bakarlari lanetan. Egitarauari amaiera emateko, berriz, Bergarako Orfeoiak abestuko du, Aitor Olea organo-jotzailearekin; ikuskizun "polita" espero du Kortak hilaren 18an, "etxeko artisten" eskutik.

Guztira, bederatzi kontzertu

Azkoitiko parrokiak eta Azpeitiko Loiolako basilikak ere hartzen dute parte zikloan eta horietan ere hiruna kontzertu izango dira, Esteban Elizondoren lanari esker. Azkoitiko kontzertuak Bergarakoen data eta ordu beretan izango dira, baina Loiolakoak domeketan eskainiko dituzte.

Besteak beste, Aretxabaleta abesbatzak parte hartuko du urriaren 19an  zikloa ixteko Loiolan eskainiko den kontzertuan, Jose Luis Franzesena eta Itziar Urbieta organo joleekin batera.

Elizondok berak ere eskainiko du kontzertua, Azkoitian, hilaren 11n. Lan handia egin du musika ikertu, zabaldu eta irakasten eta urteetako esperientzia nabarmena da bere jardunean.

Egitarau osoa

BERGARA

Urriak 4 larunbata
AHOTSA: Pier Paul Berzaiz
AKORDEOIA/PERKUSIOA: Joxan Goikoetxea
ORGANOA: Ana Belen Garcia

Urriak 11 larunbata
ORGANOA: Franz Hauk

Urriak 18 larunbata
Bergarako Orfeoia
ORGANOA: Aitor Olea

AZKOITIA

Urriak 4 larunbata
MEZZOA: Anabel Aldalur
TXISTUA: Gorka Zabaleta
ORGANOA: Fernando Gonzalo

Urriak 11 larunbata
ORGANOA: Esteban Elizondo

Urriak 18 larunbata
Koruko Andre Maria musika kapera
ORGANOA: Alize Mendizabal

LOIOLA

Urriak 5 igandea
ORGANOA: Olivier Eisenmann

Urriak 12 igandea
TRONPETA: Sergio Guarné
ORGANOA: Loreto Aramendi

Urriak 19 igandea
Aretxabaleta abesbatza
ORGANOA: Jose Luis Franzesena eta Itziar Urbieta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak