Aurrera egiten ari da Gipuzkoako ekonomia, baina erritmoa mantsotu du, Adegiren esanetan

Arantzazu Ezkibel 2014ko urr. 2a, 17:25

Gipuzkoako enpresarien elkarteak emandako datuen arabera Gipuzkoako ekonomia poliki poliki aurrera egiten ari da. Adegiko ordezkariek Gipuzkoako enpresariei egindako inkestaren emaitzak aurkeztu dituzte, eta era berean, egungo egoera ekonomikoari buruzko balorazioa ere egin dute. Gibelalde, Ayertza eta Sasigain baikor azaldu dira. Adegiren arabera, Gipuzkoako ekonomia asko jota %1 haziko da aurten.

Gipuzkoako ekonomia aurrera doan arren, gaineratu dute, oraindik ere enpresen kezka nagusia Espainiako ekonomiaren ahulezia dela. Hala ere, azkenaldian nazioarteko egoera ekonomikoarekiko kezkak gora egin duela adierazi dute, Europaren geldialdiagatik eta gorabidean diren herrialdeen ahuleziagatik, batez ere.

Konfiantzak hobetzen jarraitzen du

Gipuzkoako enpresen artean egindako inkestaren arabera Enpresa mailako konfiantzak hobetzen jarraitzen du: Enpresen %80k uste du merkatua dagoeneko ez dagoela atzeraldian eta %87ren arabera, ez da atzeraldian egongo datozen hilabeteetan.

Datuen arabera, salmentak onera doaz, bai barne merkatuan eta baita kanpokoan ere, nahiz eta azkenaldian hazkunde erritmoa moteldu egin den. Batez besteko fakturazioa %2,5 igo da irailera arte, aldiz, maiatzean %4,3koa izan zen.

Ekoizteko gaitasuna

Gipuzkoako enpresak ekoizteko gaitasunaren %81,5ean ari dira gaur egun; datu hori, 2008ko irailetik izandako mailarik onena da. Enpresen konfiantzak hobetzen jarraitzen du eta finantzaketa arazoak ere gutxitzen ari dira.

Erakunde publikoen balorazioa

Enpresek emandako erantzunen artean, Gipuzkoako Diputazioak indarrean jarritako aberastasunaren eta fortuna handien zergak jaso du notarik txarrena. Gainera, Adegik aurkeztutako txostenaren arabera Gipuzkoako Diputazioa da erakunde publikoen artean balorazio txarrena jaso duena. Batetik bostera, 1,8ko puntuazioa eman diote enpresek aldundiak enpresei ematen dien babesari. Eusko Jaurlaritzak 2,9ko puntuazioa jaso du eta Espainiako Gobernuak 2,4koa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak