Elena Laka: "Ez dakit kozinatzen eta ez zait interesatzen, ez dut pazientziarik"

Mirari Altube Arrese 2014ko ira. 30a, 09:00

Elena Laka telebistan.

Abokatua da Elena Laka (Eibar, 1966) eta Topaguneko lehendakaria apirilaz geroztik. Irakurtzea eta zinea gustatzen zaizkio, aperitifa hartzea, berriketan egitea… Sare sozialetan "aktiboa" eta "kuxkuxeroa"  ere bada. Sukaldeak, ostera, ez du erakartzen.

Elena Laka zelakoa da?

Egunero bizi nahi duen pertsona.

Zein harreman duzu sukaldearekin?

Ez dakit kozinatzen, ez zait interesatzen. Behar beharrezkoa denean bakarrik kozinatzen dut, eta normalean entsalada bat, eta zerbait zartaginean, plantxan edo labean, errez-errez egitekoa. Ez daukat kozinatzeko pazientziarik.

Zein da zure espezialitatea?

Entsaladak; eta jogurtarekin egiten den bizkotxoa. Ez dakit beste ezer egiten.

Zertara gonbidatuko zenuke lagun on bat?

Patata tortilla ogitarteko bat eta botila ardo batera, neguan eguzkitan eta udan gerizpean.

Eta etsairik handiena zertara?

Etsaia? Jatera gonbidatu? Etsaiari ezta urik ere. 

Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan esertzea?

Etxekoekin eta lagunekin jartzen naiz gustura mahaian. Oso deserosoa egiten zait ezezagun edo erdi-ezagunekin egitea otorduak, oso jardun ona ez badaukate behintzat.

Abokatu izateak zer eman dizu?

Burukomin asko, satisfazioren bat, jendearekin lan egitea, eta errealitateari oso atxikita bizi izateko aukera, asko eskertzen dudana. Eta enplegu bat eta autonomia pertsonala. 

Eta zer kendu dizu?

Bada, abokatutzaz kanpo lan egiteko aukera, baina dena ezin da. Aukera bat egiten duzunean beti lagatzen dira bazterrean besteak.

Zure lanbidean inor miresten duzu?

Egunero harrokeria barik lan egiten duten profesionalak eta jubilatzeko adin legala beteta izanda ere lanean gogotsu jarraitzen dutenak.

Zer da abokatutzaren mundu horretan gustuko ez duzuna?

Epaitegietan egiten duten denboraren kudeaketa: epeak abokatuontzat dira bakarrik, ez epaile eta epaitegiko langileentzat, horiek ez baitaude epeen zain, eta beste guztiok euren ez-epeen menpe gauzkatela. 

Topaguneko lehendakari: burukomin iturri edo satisfazio emaile?

Satisfazio emaile, zalantza barik.

Euskara eta abokatu baten lan jarduna bateragarriak dira gurean?

Gurean nekez dira bateragarri euskara eta arlo ugari, horregatik gabiltza ni eta beste milaka herritar euskalgintzako mugimenduan lanean. 

Iratxoek hiru desio eskatzeko aukera eman dizute...

Konformatzen naiz gure semeak ondo hezte eta haztearekin, eta pentsatzen dugunaren alde lanean jarraitzearekin, tarteka plazerak dastatzen. Osterakoak mirariak dira, eta horietan ez dut sinisten.  

Zure bizitzako anekdota bat?

Txikitan pentsatzen nuen 2000 urtetik aurrera oso zaharra izango nintzela, eta ezingo nuela ezer ganorazkorik egin.

Damu zara…

Egindakoa eginda dago, eta ez dauka damutzeko bueltarik. Damutzekotan, egin ez izanaz, baina dena ezin da.

Zer errepikatuko zenuke?

Iñigorekin bizitzeko hautua. 

Zerk beldurtzen zaitu?

Gertukoen sufrimenduak.

Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…

Sukaldera sartu, etxeko martxa eta ardurez galdetu, eta ahal badut, sukaldean laguntzen dudan bitartean eta Berria edo GOIENA modu kritikoan irakurri eta komentatu bitartean, ardo baso bat edaten dut. 

Nora egingo zenuke ospa?

Itsas bazterrera. 

Ze aholku konpartituko zenuke?

Aditz bat, lehen edo bigarren pertsonan konjugatuta: saiatuko naiz, saiatu zaitez. Eta desio bat: ondo pasatu

----------

Aukeran...

Lehen platera: Abuztu bukaerako tomate entsalada. 

Bigarrena: Arroza, Iñigok egindakoa. 

Postrea: Gazta tarta zatitxo bat. 

Edatekoa: Ardo beltza eta kafea. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak